Itxi

Futbola

LaLiga EA Sports

Osasunak eta Realak bana egin dute Sadarren jokatutako derbian

EITB MEDIA

Moi Gomezek aurretik jarri ditu gorritxoak partidako 2. minutuan, eta Umar Sadiqek berdinketa lortu du 41.ean, gol ikusgarria sartuta.

  • Mikel Merino (Reala), Osasunako kojkalariz inguratuta

    Mikel Merino (Reala), Osasunako kojkalariz inguratuta. Argazkia: Efe.

Osasunak eta Realak bana egin dute EA Sports Ligako 15. jardunaldiko partidan. Moi Gomez eta Umar Sadiq izan dira Sadarren jokatutako norgehiagokako golegileak. 14. minutuan, Barrenek zelaia utzi behar izan du, eskuineko orkatilan min hartuta.

Jagoba Arrasateren jokalariek aurrea hartu dute markagailuan, Moi Gomezek 2. minutuan egindako golari esker. Ante Budimirrek pasea eman dio taldekideari, eta honek Remiroren atean sartu du baloia.

Minutu bat geroago, Barrene banakoa egitear izan da, Catenak Sergio Herrera atezainari egindako pase kaskarrean baloia lapurtu ostean. Jokalari txuri-urdinak partida utzi behar izan du minutu batzuk geroago, 14.ean, eskuineko orkatilan min hartuta.

Ondoren, Umar Sadiq izan da protagonista. 27. minutuan, gola egiteko aukera bikaina izan du, baina ez du errematean asmatu. 41.ean, berriz, Realeko jokalariak ez du hutsik egin. Jokaldi pertsonala egin eta gol ikusgarria sartu du, urrutitik egindako erremate batean.

Atsedenaldiaren atarian, Brais Mendezek aukera paregabea izan du Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea aurretik jartzeko.

Bigarren zatian, Osasuna Reala baino biziago atera da aldagelatik. Nafarrak puntu beharrean dira, azken lau partidetan ezbaitute garaipenik lortu.

Moi Gomez bigarrena egitear izan da 56. minutuan, baina jaurtiketa kanpora joan da, gutxigatik, Remirok eskuarekin baloia laztandu ostean. 60.ean, Sergio Herrerak bere taldea salbatu du, Take Kubori eta Mikel Merinori geldiketa bikoitza eginda. Merinoren burukadari erantzun ikusgarria eman dio gorritxoen atezainak.

Osasuna eroso aritu da defentsan, eta kontraerasoan aritu da azken minutuetan. Reala, aldiz, garaipenaren bila aritu da, baina ez da zelaian eroso egon.

Azkenean, banako emaitzarekin amaitu da derbia. Bidezko emaitza, eta puntu bana Osasunarentzat eta Realarentzat.

Fitxa teknikoa

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Juan Cruz (Nacho Vidal, 74. min), Areso, Catena, David García, Mojica, Torró, Rubén García (Moncayola, 64. min), Aimar (Chimy Ávila, 75. min), Moi Gómez, Budimir (Raúl, 75. min).

1 - Reala: Remiro; Traoré, Zubeldia, Le Normand, Tierney (Aihen 75. min), Zubimendi, Merino, Brais, Barrenetxea (Zakharyan, 16. min; André Silva, 88. min), Take Kubo, Sadiq (Oyarzabal, 75. min).

Golak: 1-0, 1. min, Moi Gómez. 1-1, 41. min, Sadiq. 

Epailea: Pulido Santana (Kanarietako Batzordea).