Itxi

Futbola

Asteartean

Osasuna, Reala, Athletic, Alaves, Amorebieta eta Eibar, Kopako final hamaseirenetako zozketan

EITB MEDIA

Osasunak Bigarren RFEFeko edo Lehen RFEFeko aurkari bat bisitatuko du, eta Amorebietak eta Eibarrek EA Sports Ligako talde bana jasoko dute. Gerta liteke, ere, kanporaketa batean Realak, Athleticek edo Alavesek elkarren aurka jokatzea.

  • Aimar Oroz, baloiaren aurrean; Osasuna kanporaketa honetan sartuko da Kopan. Argazkia: EFE.

    Aimar Oroz, baloiaren aurrean; Osasuna kanporaketa honetan sartuko da Kopan. Argazkia: EFE.

Osasuna, Reala, Athletic, Alaves, Amorebieta eta Eibar 2023-24 denboraldiko Errege Kopako final hamaseirenetako zozketan sartuko dira asteartean; 13:00etan egingo dute zozketa hori, Madrilen. Txanda horretan, Osasunak sailkatuta dauden Bigarren RFEFeko edo Lehen RFEFeko aurkari bat bisitatuko du, eta Amorebietak eta Eibarrek EA Sports Ligako talde bana jasoko dute. Gerta liteke, ere, kanporaketa batean Realak, Athleticek edo Alavesek elkarren aurka jokatzea, kontuan izanik maila goreneko taldeen arteko kanporaketa bat izango dela. Final hamaseirenak 2024ko urtarrilaren 6an eta 7an jokatuko dituzte, partida bakarrean.

Hala, zozketan bost ontzi izango dira. Horietako batean, urtarrilean Superkopa jokatuko duten lau taldeak izango dira, alegia, Osasuna, Real Madril, Bartzelona eta Atletico Madril; beste batean, Bigarren RFEFen dabiltzan bi taldeak izango dira, hau da, Arandina eta Barbastro; beste batean, Lehen RFEFeko taldeak izango dira, alegia, Castello, Lugo, Malaga eta Unionistas; laugarrenean, final hamaseirenetarako sailkatuta dauden eta Hypermotion Ligan lehiatzen diren bederatzi taldeak izango dira: Amorebieta, Eibar, Burgos, Cartagena, Elx, Espanyol, Racing Ferrol, Huesca eta Tenerife; eta, azkenik, bosgarren ontzian Superkopa jokatuko ez duten EA Sports Ligako taldeak izango dira: Reala, Athletic, Alaves, Betis, Celta, Getafe, Girona, Las Palmas, Mallorca, Rayo Vallecano, Sevilla, Valentzia eta Vila-real.

Prozedura ondorengoa izango da: lehenik, zozketatuko dute Bigarren RFEFeko bi taldeak Superkopa jokatuko duten lau taldeetako zein biren kontra arituko diren, eta, jarraian, jakingo dugu Lehen RFEFeko zein bi aurkari izango duten Superkopako gainerako biek. Osasunak, hala, Lehen edo Bigarren RFEFeko talde bat bisitatuko du. Ondoren, Lehen RFEFeko beste biek jakingo dute EA Sports Ligako zein bi talde jasoko dituzten. Hori eginda, zozkatuko dute Hypermotion Ligako eta EA Sports Ligako taldeen arteko bederatzi kanporaketa; Hypermotion Ligako taldeak etxeko talde gisa ibiliko dira. Azkenik, maila goreneko bi talde geldituko dira, EA Sports Ligako bi, eta elkarren aurka arituko dira; lehenengo irtengo den taldea izango da etxekoa.

Arestian esan bezala, final hamaseirenetako kanporaketa 2024ko urtarrilaren 6an eta 7an jokatuko dute.