Itxi

Futbola

Ordutegiak

Athletic-Reala EA Sports Ligako derbia urtarrilaren 13an jokatuko dute, larunbatez, 18:30ean

EITB MEDIA

Partida 20. jardunaldikoa da, hau da, bigarren itzuliko lehenengokoa. Sevilla-Alaves neurketa ostiralez jokatuko dute, urtarrilaren 12an, 21:00etan. Bartzelona-Osasuna norgehiagoka urtarrilaren 30ean jokatuko dute, asteartez, Superkopagatik.

  • Mikel Merino eta Ander Herrera, Reale Arenan jokatutako derbian. Argazkia: EFE.

    Mikel Merino eta Ander Herrera, Reale Arenan jokatutako derbian. Argazkia: EFE.

2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako Athletic-Reala derbia urtarrilaren 13an jokatuko dute, larunbatez, 18:30ean, astelehenean LaLigak iragarri duenez. San Mameseko partida 20. jardunaldikoa da, hau da, bigarren itzuliko lehenengokoa. Sevilla-Alaves neurketa ostiralez jokatuko dute, urtarrilaren 12an, 21:00etan. Bartzelona-Osasuna norgehiagoka urtarrilaren 30ean jokatuko dute, asteartez, Superkopagatik.

Hala, Ligako Txapelketako bigarren itzulia Sanchez-Pizjuan futbol zelaian hasiko da, urtarrilaren 12an, ostiralez, 21:00etan, Sevilla-Alaves partidan. Luis Garcia Plazaren gizonak sendo dabiltza, mailari eusteko lehian, eta aurkaria, aldiz, orain arte behintzat ez da erakusten ari berez izan beharko lukeen indarra. Biharamunean, larunbatean, hilaren 13an, Athletic eta Reala arituko dira nor baino nor gehiago San Mamesen; Ernesto Valverderen eta Imanolen taldeak, lehen itzulia amaitzeko bi neurketa gelditzen direla, Europako postuetan jarraitzeko borrokan ari dira, bete-betean.

Osasunak Bartzelonaren etxean jokatu beharko luke asteburu horretan, baina partida hori atzeratu egin dute: urtarrilaren 3ean jokatuko dute, 21:00etan. Kontua da biak ala biak, Osasuna eta Bartzelona, Superkopan izango direla urtarrilaren 11tik 14ra bitartean. Hori bai, Bartzelona-Osasuna norgehiagokaren ordutegian aldaketa egon liteke, Errege Koparen bilakaeraren arabera.

Hypermotion Ligan, 22. jardunaldian, Eibar-Racing Santander partida urtarrilaren 12an jokatuko dute, ostiralez, 20:30ean, Ipuruan, eta Oviedo-Amorebieta neurketa hilaren 13an izango da, 18:30ean.