Itxi

Futbola

Futbola

Epaileen eta VARen arteko elkarrizketak argitaratzea adostu dute RFEFek eta LaLigak jokaldien berrikuspenean

Agentziak | EITB MEDIA

Espainiako Superkopan hasiko dira edukia publiko egiten, EA Sports Ligan, aldiz, 20. jardunalditik aurrera, eta LaLiga Hypermotionen, 22. jardunalditik aurrera, urtarrilean.

  • Epaile bat, erabaki bat hartzen zelaian bertan. Argazkia: EFE

    Epaile bat, erabaki bat hartzen zelaian bertan. Argazkia: EFE

Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) eta LaLigak astearte honetan erabaki dute zelaiko epailearen eta VAR epailearen arteko elkarrizketen irudiak eta audioa argitaratzen hastea, jokaldia zelaiko monitorean berrikusten denean, lehiaketen operadore ofizialen bitartez eta jardunaldiko lehiaketa-egun bakoitza amaitu ondoren.

Edukia LaLiga EA Sportseko 20. jardunalditik eta LaLiga Hypermotioneko 22. jardunalditik aurrera argitaratuko da, urtarrilaren 12tik 15era bitartean. Hala ere, sistema RFEFek antolatutako Espainiako Superkopan estreinatuko da, bai urtarrilaren 10eko eta 11ko finalaurrekoetan, bai 14ko igandeko finalean.

"Ekimenak RFEFek eta CTAk LaLigarekin lankidetzan aritzeko eta elkarrekin lan egiteko agertoki berri bat ezartzen du, futbol profesionaleko arbitrajeari eta lehiaketei gardentasun handiagoa emateko helburuarekin", nabarmendu dute bi erakundeek.

Lehiaketako egun bakoitza (larunbata, igandea eta astelehena) amaitu ondoren irudiak eta audioak emanez, "ikus-entzuleek arbitraje-erabakiak hobeto ulertzea" espero dute, "lehiaketak orohar hobetuz".

Datozen egunetan, bai RFEFek bai LaLigak informazio eta material didaktiko gehiago argitaratuko dituzte beren sare sozialetan, zaleek eta komunikabideek dinamika berri horrek nola funtzionatuko duen uler dezaten.