Itxi

Futbola

Euskal derbia

Athleticek eta Alavesek indarrak neurtuko dituzte berriro Kopan, 28 urte geroago

EITB MEDIA

Bi taldeek pozik ekingo diote norgehiagokari, eta asteburu honetan lortutakoa errepikatzeko prest egongo dira Errege Kopako final-laurdenetarako txartela lortzeko.

  • Yuri Berchiche eta Aleix Vidal Athleticen eta Alavesen arteko derbi batean. Artxiboko argazkia: EFE

    Yuri Berchiche eta Aleix Vidal Athleticen eta Alavesen arteko derbi batean. Artxiboko argazkia: EFE

Athleticek eta Alavesek euskal derbia jokatuko dute astearte honetan San Mamesen, pozik azken egunetan lortutako emaitzengatik eta horiek errepikatzeko gogoz. Hala, gaurko partiduan Errege Kopako final-laurdenetarako txartela lortzeko lehia bizia erakutsiko dute bi taldeek.

Bilbotarrak indartsu daude, emaitza bolada izugarri batekin, etengabe handitzen ari direna. Taldeak bost garaipen lortu ditu jarraian, eta hamahiru norgehiagoka daramatza galdu barik; horietatik, hamar irabazi ditu. Garaipen horietako hiru Errege Kopan izan dira, eta LaLigan 24 puntu lortu ditu 30 posibletik.

Gasteiztarren poza askoz ere laburragoa da denboran, baina ziurrenik antzeko maila du, etxetik kanpo Donostian eta Sevillan jokatu dituen azken bi partidetan lau puntu lortu baititu, eta Betis kanporatu baitzuen Mendizorrotzan.

Gaurkoarekin hamargarren aldia izango da babazorroek San Mames bisitatuko dutena Kopan bilbotarrekin indarrak neurtzeko. Lehen aldia 1928an izan zen, eta azkena 1995ean. Azken lehia hori, duela 28 urte, 4-1ekoarekin amaitu zen. Gaur, lehoiek zelaira salto egingo dute emaitza errepikatzeko, baina gasteiztarrek ez dute erraz jarriko, eta emaitza hartatik errebantxa hartzen saiatuko dira final-laurdenetarako txartela etxera eramateko.