Itxi

Futbola

EA Sports Liga

Osasuna garaile, Realaren aurka jokatutako euskal derbian (0-1)

EITB MEDIA

Partidako gol bakarra Ante Budimirrek egin du bigarren zatiaren hasieran. Txuri-urdinek hiru partida daramatzate ligan golik sartu gabe; lau, Errege Kopako azkena kontuan izanda.

  • Osasunako jokalariak, garaipenaren gola ospatzen

    Osasunako jokalariak, garaipenaren gola ospatzen. Argazkia: Efe.

Osasunak hiru puntuak eraman ditu Realaren aurka Reale Arenan EA Sports Ligako 24. jardunaldian jokatutako euskal derbian.

Tentsio handia eta gol aukera gutxi izan dira lehen 45 minutuetan. Imanolen taldea garaipena lehenbailehen bideratzeko asmoarekin zelairatu da, baina gorritxoek ondo eutsi diete txuri-urdinen ahaleginei.

Partidako lehen aukera 15. minutuan iritsi da, Realaren alde, Andre Silvak Javi Galanen erdiraketa aprobetxatuz egindako errematean.

10 minutu geroago, gorritxoen abagunea heldu da, Ruben Peñak urrutitik egindako jaurtiketa batean. Baloia Remiroren atearen zutoina laztantzen atera da.

Hurrengo minutuan, jokaldi polemikoa izan da Realaren atearen inguruan. Orozi falta egin diote, eta Osasunako jokalariek penaltia eskatu dute. Epaileak, baina, areatik kanpo izan dela esan du, eta falta adierazi du areako marratik oso gertu, VARarekin kontsultatu ostean.

28. minutuan, etxekoek eskatu dute penaltia, Andre Silva, aurkariz inguratuta zegoela, arean erori ostean. Epaileak ez du ezer adierazi, VARari kasu eginda.

38. minutuan, lehen zatiko aukerarik argiena iritsi da. Take Kubok baloia indarrez jaurti du, eta Sergio Herrerak bikain erantzun dio, eskua azkar atera eta baloia kornerrera desbideratuta.

Bigarren zatia hasi eta berehala egin du gola Osasunak. Ante Budimirrek posizioa irabazi dio Zubeldiari Moncayolak ateratako korner batean, eta baloia Remiroren atean sartu du, buruarekin errematatuta.

Jarraian, Take Kubok bere hanketan izan du 1-1ekoa egiteko aukera, baina jaurtiketa kanpora joan zaio. Arrasateren taldea atzean geratu da, eta etxekoek erasora jo dute, berdinketaren bila.

Imanolen taldea sarri gerturatu da Herreraren ate inguruetara, batzuetan gola sartzeko moduan, baina markagailua ez da aldatu. Hiru puntuak Iruñera joan dira. 

Fitxa teknikoa:

0 - Reala: Remiro; Aramburu (Traore, 72. min), Zubeldia, Pacheco, Galan; Zubimendi, Merino (Brais, 62. min), Turrientes (Olasagasti, 72. min); Kubo, Silva (Sadiq, 62. min) eta Zakharyan (Barrenetxea, 62. min).

1 - Osasuna: Herrera; Areso, U. Garcia (Catena, 80. min), D. Garcia, Herrando, Mojica (Cruz, 73. min); Peña (R. Garcia, 65. min), Torro, Moncayola (Ibañez, 74. min), Aimar; eta Budimir (R. Garcia, 73. min).

Gola: 0-1, 49. min: Budimir.

Epailea: Isidro Diaz de Mera Escuderos (Gaztela-Mantxako Batzordekoa).