Futbola
Fitxaketa
Kundananji, Eibarko jokalari ohia, emakumezkoen futboleko fitxaketa garestiena
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Zambiako jokalaria Bay FC (AEB) talde sortu berriak fitxatu du datozen bost denboraldietarako, Madrid CFFri 735.000 euro ordainduta.
-
Kundananji, Eibarren jokatzen zueneko artxiboko argazki batean. EFE
Bay FC futbol taldeak Racheal Kundananji fitxatu duela iragarri du, orain arte Madrid CFFn aritu den aurrelaria. Bay FC emakumezkoen futbol talde sortu berria da, eta San Frantziskon (AEB) du egoitza. Emakumezkoen futbolean inoiz egin den fitxaketa garestiena da, 735.000 euroren truke. Kundananjik 2,5 milioi euro jasoko ditu bost denboralditan.
Klub estatubatuarrak kaleratutako oharraren arabera, Kundananjik 2027ra arte sinatu du kontratua, eta denboraldi bat luzatzeko aukera izango du. Horrenbestez, Madrid CFFn 2022an abiatutako bidea amaitu du zambiarrak. Aurretik, Eibarren jokatu zuen. Europara iritsi baino lehen, Kazajistango Kazygurt klubean jokatu zuen 18 urte zituenean. Halaber, Zambiako selekzioarekin Tokioko Olinpiar Jokoetan hartu zuen parte, baita 2023ko Munduko Txapelketan ere.
Iragan sasoian, F Ligako bigarren golegile nagusia izan zen, 25 golekin, Alba Redondoren markatik bi goletara. Aurten, zortzi gol sartzeaz gain, lau asistentzia eman ditu.