Itxi

Futbola

Europa Liga

Xabi Alonsoren Bayer Leverkusenek galdu egin du Europa Ligako finala, Atalantaren aurka (3-0)

EITB MEDIA

Euskal entrenatzaileren taldeak aurreneko aldiz galdu du denboraldi osoan, 51 partidatan egin gabe. Ademola Lookman aurrelariak sartu ditu Italiako taldearen hiru golak; Atalanta gehiago izan da finalean, nabarmen, eta, horrenbestez, bere historian lehen aldiz irabazi du Europa mailako titulu bat.

  • Atalantako jokalariak, pozarren, Europa Liga irabazita. Argazkia: EFE.

    Atalantako jokalariak, pozarren, Europa Liga irabazita. Argazkia: EFE.

Xabi Alonsok entrenatzen duen Bayer Leverkusenek galdu egin du, 3-0, Atalantaren aurka, 2023-24 denboraldiko Europa Ligako finalean, asteazken gauean, Dublingo Aviva Stadiumen (Irlanda). Hala, Atalanta da txapelketako txapeldun berria, eta Italiako taldeak bere historian lehen aldiz irabazi du Europa mailako titulu bat. Bayer Leverkusenek, ordea, denboraldian aurrenekoz galdu du partida ofizial bat, 52. norgehiagokan; Ademola Lookman aurrelariak sartu ditu Bergamoko taldearen hiru golak, eta finaleko izar nagusia izan da.

Aurkaria biziki estutuz, eta Lookman aurrelariaren arriskua eta trebetasuna baliatuz, Atalantak, lehen zatian, Bayer Leverkusen baino hobeto jokatu du, argi. Partidako lehen ordu erdia bete aurretik, 12. eta 26. minutuetan, Italiako taldeak bi gol zituen alde, eta Alemaniako taldeak ez zuen topatzen erantzun egokirik emateko modua. Azken minutuetan, Xabi Alonsok zuzendutako jokalariek gehiago kontrolatu dute zelai erdia, baina ez da markagailuan beste aldaketarik izan.

Atalantako jokalariak, 1-0ekoa sartuta. Argazkia: EFE.

Atalantako jokalariak, 1-0ekoa sartuta. Argazkia: EFE.

Bigarren zatian, Bayer Leverkusen zelairatu da emaitza iraultzeko aukera eman ahal zion golaren bila, eta Gian Piero Gasperiniren taldea estutu du; baina, egia esan, Atalantak ez du oztopo handirik izan aldeari uzteko. Neurketako azken tartean, 75. minutuan, berriro ere Lookmanek egin du hirugarrena; ezkerrez egindako jaurtiketa eder baten bidez bidali du baloia Kovar atezainaren sareetara.

Xabi Alonso, finaleko une batean. Argazkia: EFE.

Xabi Alonso, finaleko une batean. Argazkia: EFE.

Xabi Alonsoren taldeak, Alemaniako Ligako txapelduna bera, Alemaniako Kopako finala ere jokatuko du, larunbatean, hilaren 25ean, Kaiserslautern aurkari; hortaz, denboraldiko bigarren titulua irabazi ahal du. Atalantak, aldiz, 61 urte zeramatzan titulurik eskuratu gabe; 1963an, Italiako Kopa erdietsi zuen.