Reala
EA Sports Liga
Kubok puntu bat batu du Realarentzat Mestallan (1-1)
I. G. | EITB
Japoniarrak hiru minutuan baliorik gabe utzi du Diego Lopezen gola, abagunez betetako bigarren zatian, txuri-urdinentzat zapore gazi-gozoa utzi duen partidan.
-
Barrenetxea, partidan zehar. Argazkia: EFE
Take Kubok 60. minutuan sartutako gol bikain batek eman dio lehen puntua Sergio Franciscoren Realari Valentziaren aurkako Ligako lehen partidan, Mestallan (1-1). Bertan, hiru minutuan baliorik gabe utzi du Diego Lopezen gola, abagunez betetako bigarren zatian, txuri-urdinentzat zapore gazi-gozoa utzi duen partidan.
Mestallan bero itogarria zegoela, jabe argirik gabe hasi da partida. Bi taldeek izan dute baloia, eta biek hegaletatik bideratu dute jokoa.
Realak gero eta gehiago izan du baloiaren jabetza, eta bi aukera jarraian izan ditu Brais Mendez arriskutsu baten eskutik. 10. minutua pasatuta, erdilariak jaurtiketa gogorra atera du, eta Agirrezabalak bi denboratan gelditu behar izan du.
Atsedenaldiaren ostean, partidak distirarik gabe jarraitu du. Dani Rabak baloi bikaina erdiratu du areara, eta Diego Lopezek 1-0ekoa jarri du.
Pozak gutxi iraun die ordea. Hiru minutura, Take Kubok berdinketa ekarri duen gola egin du, ezkerkada bikain batekin (1-1).
Lehia joan-etorri etengabea bihurtu da, eta Oskarssonek aukera on bat huts egin du. Lehen zatian izan ez diren aukera guztiak bigarrenean heldu dira, baina gehiagorako denborarik gabe geratu dira eta partida berdinketarekin bukatu da.
Fitxa teknikoa:
1 - Valentzia: Aguirrezabala; Foulquier, Tarrega, Copete, Gaya (Jesus Vazquez, 80. min); Diego Lopez, Pepelu (Santamaría, 80. min), Javi Guerra (Ugrinic, 87. min), Luis Rioja; Raba (Danjuma, 67. min) eta Hugo Duro (Andre Almeida, 67. min).
1 - Reala: Remiro; Aihen Muñoz (Sergio Gomez, 80. min), Zubeldia, Caleta-Car (Aritz, 68. min), Aramburu; Turrientes (Urko, 80. min), Marin, Brais Mendez (Oskarsson, 68. min), Take Kubo (Guedes, 80. min); Barrenetxea eta Oyarzabal.
Golak: 1-0, 57. min: Diego Lopez. 1-1, 60. min: Take Kubo.
Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez. Txartel horia atera die Gaya, Turrientes eta Aihen jokalariei.


