Itxi

Reala

EA Sports Liga

Realak puntu bat lortu Anoetan Espanyolen aurka (2-2), ozta-ozta

I. G. | EITB

Partida maldan gora jarri zaio lehen zatian, bi gol jaso ditu eta. Bat errepikatu behar izan da, penaltiz, baina Barrenetxeak eta Oskarssonek berdinketa lortu dute gehiago ere merezi izan duten bigarren zatian.

  • Oyarzabal baloiaren lehian. Argazkia: EFE

    Oyarzabal baloiaren lehian. Argazkia: EFE

Realak bina berdindu du Espanyolen aurka igande honetan Anoetan jokatu duten EA Sports Ligako bigarren jardunaldiko partidan. Partida maldan gora jarri zaio lehen zatian, bi gol jaso ditu eta. Bat errepikatu behar izan da, penaltiz, baina Barrenetxeak eta Oskarssonek berdinketa lortu dute gehiago ere merezi izan duten bigarren zatian.

Sergio Fernandezek hiru aldaketa egin ditu hamaikakoan, Anoetako zelaira atera den estreinako aldian. Hala, txuri-urdinak jokoaren jabe izaten hasi dira, atea erdiraketen bidez bilatuz. Kubok izan du Donostiako taldearen lehen aukera argia, baina Dmitrovicek ondo desbideratu du jaurtiketa.

Baina jokaldi horren kontraerasoan jarri da Espanyol aurretik markagailuan. Dolan lurrera erori da zelai erdian, baina Millak baloia hartu eta arearaino gidatu du. Bertan taldekidearekin horma egin eta berak sartu du gola, buruz (0-1).

Barrenetxea berdinketa lortzear egon da hurrengo jokaldian, baina burukadak atearen gainetik jo du, gutxigatik. Ordu erdira Oyarzabal izan da gola sartzear, Barrenetxearen erdiraketa bikaina jaso ondoren, baina ez du ongi neurtu eta burukada kanpora joan zaio.

Atsedenaldira joan aurretik, Jon Martinek lurrera bota du Roberto Fernandez eta epaileak penaltia adierazi du.

Remirok gelditu egin du Puadoren jaurtiketa.

Baina, VARean begiratu ondoren, epaileak penaltia errepikatu egin behar zela adierazi du, Realeko jokalari bat azkarregi sartu omen delako arean. Puadok ez du huts egin, eta bien arteko aldea handitu du (0-2).

Sergio Francisco freskotasuna bilatzen saiatu da zelaian, Turrientes eta Sucicen ordez Oskarsson eta Gorrotxategi sartuz, eta eragina izan izan du. Kontraeraso azkar batean, Barrenetxeak gola sartu du, zortea lagun. Izan ere, defentsa lurrera erori da, eta Barreneren jaurtiketa beste defentsa baten kontra jo eta sarera joan da (1-2).

Handik gutxira, Realaren taldeko jokaldi on baten ondoren, Oskarssonek ondo gurutzatu du baloia eta berdinketa jarri du markagailuan (2-2).

Brais Mendez Realaren hirugarren gola sartzetik gertu izan da, baina atezainak ongi atera du eskua baloia kanpora desbideratzeko.

Azken minutuetan gehiago merezi izan du Realak, baina, gauzak nola joan diren ikusita, puntu positiboa atera du partidatik.

Fitxa teknikoa:

2 - Reala: Remiro; Aramburu, Jon Martin, Zubeldia, Sergio Gomez (Aihen, 72. min); Turrientes (Gorrotxategi, 56. min), Marín, Sucic (Oskarsson, 56. min); Kubo, Oyarzabal (Brais Mendez, 72. min) eta Barrenetxea (Guedes, 80. min).

2 - Espanyol: Dmitrovic; El Hilali, Rubio, Cabrera, Romero; Exposito (Salinas, 81. min), Lozano (Calero, 71. min), Milla (Terrats, 71. min); Dolan (Roca, 86. min), Roberto Fernandez (Kike Garcia, 71. min) eta Puado.

Golak: 0-1, 10. min: Milla; 0-2, 45+1. min: Puado; 1-2, 61. min: Barrenetxea; 2-2, 69. min: Oskarsson.

Epailea: Alejandro Quintero. Txartel horia atera die Realeko Gorrotxategi eta Jon Martín eta Espanyolgo Exposito eta Calro jokalariei.