Reala
EA Sports Liga
Realak galdu egin du Bartzelonaren etxean, irudi ona eman badu ere (2-1)
G. P. A. | EITB
Talde txuri-urdina ipini da aurretik markagailuan, Odriozolak gola sartuta, baina Koundek berdinketa lortu du atsedenaldira joan baino lehen, eta Lewandowskik irauli du emaitza erritmo biziko bigarren zatian.
-
Jules Koundek buruz sartu du berdinketaren gola lehen zatia amaitzear zela. EFE
Realak 2-1 galdu du gaur Bartzelonaren aurka Montjuiceko Estadio Olinpikoan jokatu duen EA Sports Ligako partida, markagailuan aurretik joan ostean, Alvaro Odriozolak sartutako gol bati esker.
Talde txuri-urdinak ondo jokatu du lehen zatian, eta lidertza eskuratzeko garaipena ezinbestean behar zuen Barça ahaltsua gelditzea lortu du.
Espero zen moduan, etxeko taldearena izan da baloiaren jabetza, baina Sergio Franciscoren mutilek lan ona egin dute defentsan, eta atepean Remiro bikain aritu da, hainbat gol aukera garbi ezerezean utzi ditu eta.
Realak 32. minutuan eman du ezustekoa. Odriozola hasierako hamaikakoan sartu da, Aramburuk min hartu duelako berotzen ari zela, eta, hain justu ere, berak egin du 1-0ekoa, Barrenek egindako erdiraketa baliatuta.
Bartzelonak berehala zapaldu du azeleragailua, eta behin eta berriro Remirorekin egin du topo, atsedenaldia heltzear zegoenean, Koundek buruz berdinketaren gola sartu duen arte.
Bigarren zatia erritmo handikoa izan da, eta minutuan igaro diren heinean, neurketa hautsi egin da, ikusleen gozamenerako.
Barçak izan du kontrola, eta arrisku handia sortu du erasoan. Halako batean, Flickek Lamine Yamal jarri du zelaian, eta bi minutu geroago iritsi da etxekoen bigarrena. Jokalari gazteak erdiraketa bikaina egin du eta Lewandowskik baloia sarera bidali du, buruz.
Edonola ere, Reala ez da kikildu, eta kontraerasoan gola egiteko aukera ere izan du. Oyarzabal kapitaina eta Take Kubo izan dira jokalari arriskutsuenak. Japoniarrak neurketaren azken txanpan egindako jaurtiketa bortitzak langa jo du.
Handik minutu batera, baina, Lewandowskik baloia langara bidali du, eta aurretik epaileak baliorik gabe utzi du Lamine Yamalek sartutako gola, jokoz kanpo zegoelako.
Horrenbestez, 2-1ekoarekin bukatu da norgehiagoka, Montjuicen. Realak galdu egin du, baina Sergio Franciscoren taldeak irudi ona eman du, eta Flicken Bartzelona estu hartu du hainbat aldiz. Horrela, bada, baikor izateko arrazoiak badituzte txuri-urdinek.

