Itxi

Reala

EA Sports Liga

Realak 2-3 galdu du Vila-realen aurka neurketako azken minutuan

L . U | EITB

Bukaera estu baino estuagoan, 0-2ko markagailua irauli ondoren, talde txuri-urdinak 95. minutuan galdu du urpekari horiaren aurka.

  • Real Sociedad vs Vila-real Argazkia: @RealSociedad

    Real Sociedad vs Vila-real Argazkia: @RealSociedad

Realak 2-3 galdu du Vila-realen aurka igande honetan Anoetan jokatu den EA Sports Ligako 14. jardunaldiko partida.

Talde txuri-urdinak behetik gora egin du, baina garesti ordaindu ditu defentsan egindako akatsak. Vila-realek eman du lehen kolpea, eta eraginkorrago agertu da area barruan. Realak erreakzio bikaina izan du, 0-2ko markagailua irauli baitu, baina Moleirok denbora erantsian egindako gol batek erabakita utzi du lehia. Etxekoen azken ahalegina ez da nahikoa izan etxean porrot mingarria saihesteko.

Reala hobeto aritu da partidaren hasieran, jabetza eta arrisku sentsazio handiagoarekin. 31. minutuan, baina, Ayoze Perezek Pedrazaren erdiraketa ona errematatu du, markagailuan 0-1ekoa jartzeko.

Lehen zatiko luzapenean, Aritz Elustondo berdinketa lortzeko zorian izan du falta baten irteeran; Luiz Juniorrek, berriz, baloia kornerrera bidali du. Moleirok ere izan du gola sartzeko aukera atsedenaldira iritsi orduko.

Bigarren zatian, Vila-realek Solerren irristada bat aprobetxatu du Moleirok jokaldia gol ikusgarria eginez burutzeko (0-2).

Realak, dena den, azkar erreakzionatu du, eta Carlos Solerrek aldea murriztu du areaz kanpotik gol bikaina eginez (1-2).

86. minutuan, Barrenetxeak markagailua parekatu du, falta jaurtiketa baten bidez (2-2).

94. minutuan, erasoko trantsizio batean, Oluwaseyik 2-3koa sartzeko zorian egon da, Turrientesek atepetik atera baitu baloia. Hurrengo jokaldian, Moleirok jaurtiketa egin du korner batean aldaratze bat baliatuta, eta 2-3koa jarri du.