Itxi

Reala

Errege Kopa

Realak Reusen irabazi du (0-2), eta aurrera egin du Errege Kopan

EITB

Sergio Franciscoren taldea final-hamaseirenetan da. Mikel Gotik, 49. minutuan, eta Sadiqek, bigarren zatiko luzapenean, penaltiz, egin dituzte talde txuri-urdinaren golak.

0:42
Realak 0-2 irabazi zion Reusi

Reala 2025-2026 denboraldiko Errege Kopako final-hamaseirenetarako sailkatu da, asteazken gauean. Donostiako taldeak, txapelketako bigarren kanporaketan, Reus FC Reddis kanporatu du, Reuseko udal futbol-zelaian 0-2 irabazita. Mikel Gotik, 49. minutuan, eta Sadiqek, bigarren zatiko luzapenean, penaltiz, sartu dituzte euskal taldearen bi golak; horrenbestez, Reala hurrengo kanporaketako zozketan izango da, datorren asteartean, hilaren 9an.

Lehen zatian, ez da golik izan. Reala eta Reus oso parean ibili dira, eta gutxitan sortu dute arriskua. Euskal taldeak izan du aukerarik onena, 36. minutuan; orduan, Pablo Marin bikain sartu da eskuinetik, eta Realeko jokalari gaztearen erdiraketa Gorka Carrerak errematatu du, baina Dani Parra Reuseko atezaina oso ondo ibili da, eta, lehen zutoinean, baloia gelditu du.

Bigarren zatia hasi eta berehala, 49. minutuan, Mikel Gotik 0-1ekoa sartu du. Barrene ondo sartu da ezkerretik, erdiratu du, eta Sadiqek Gotiri eman dio; azken horrek sareetara bidali du, gertutik. Golak konfiantza eman dio Realari, eta Donostiako taldeak ez du aparteko estutasunik izan abantailari eusteko; hori bai, 80. minutuan, Pol Fernandez Reuseko jokalariak zutoinera bota du ezkerrez egindako jaurtiketa bikain bat. Jokaldi hori kenduta, Unai Marrero Realeko atezainak ez du lan handirik izan kanporaketan.

Luzapenean, etxeko taldeko atzelari batek penaltia egin dio Sadiqi, eta aurrelari nigeriarrak hartu du bere gain jaurtitzeko ardura; oso ondo egin du, eta Realaren bigarren gola sartu, partidako ia azken jokaldian.

Fitxa teknikoa

0- Reus: Parra, Alberto Benito (Pol Fernandez, 57. min), Pol Fernandez, Recasens (Sarda, 85. min), Xavi Jaime (Homet, 57. min), Folch, Toscano, Alarcon, Ustrell (Carbia, 70. min), Casals eta Vaz (Serrano, 70. min).

2- Reala: Marrero, Aihen, Jon Martin, Beitia (Elustondo, 45. min), Odriozola (Guedes, 75. min), Turrientes, Marin, Goti, Zakharyan (Sadiq, 45. min), Sergio Gomez (Barrenetxea, 45. min) eta Carrera (Gorrotxa, 64. min).

Golak: 0-1, 48. min: Goti; 0-2, 92. min: Sadiq, penaltiz.

Epailea: Juan Martinez Munuera. Reuseko Marc Carrasco eta Pol Fernandez, eta Realeko Pablo Marin, Barrenetxea eta Sadiq zigortu ditu, txartel horia aterata.

Nabarmentzekoa: 4.700 zale izan dira Reuseko udal futbol-zelaian.