Itxi

Reala

2-0 Anoetan

Realak erraz menderatu du Getafe, ligako estreinako partidan

L.E.

Jagoba Arrasateren gizonek eta Getafek neurketa kaskarra jokatu dute. Carlos Vela eta Haris Seferovic izan dira txuri-urdinen bi golak sartu dituztenak.

  • Carlos Velak 2013-2014 liga txapelketako lehen gola sartu du. Efe.

    Carlos Velak 2013-2014 liga txapelketako lehen gola sartu du. Efe.

Realak denboraldiko lehen garaipena lortu du Getaferen aurka jokatutako ligako estreinako partidan. Donostiarrak 2 eta 0 nagusitu dira, ahalegin handirik egin gabe.

Partida kaskarra egin dute bi taldeek, hasiera-hasieratik. Lehen minutuetan ez du inork jokoaren kontrola izan eta gol aukera oso gutxi sortu dituzte. Chory Castrok izan du argiena, baina bere burukada langara joan da lehen zatiko 15. minutuan.

Gauzak horrela, bazirudien markagailuan ez zela aldaketarik izango atsedenaldiaren aurretik, baina orduan Carlos Vela agertu da. Mexikarrak kalitate handia duela erakutsi du eta erremate polita eginda gainditu du Moya atezaina 42. minutuan.

Seferovicentzako saria

Bigarren zatian Getafe gogotsu atera da, baina madrildarrek ez dute jakin Anoetan lekua hartzen. Bigarren zatian hiru aldaketak egin dituzte bi entrenatzaileek. Realean Xabi Prieto, Javi Ros eta Gaztañaga zelairatu dira, Zurutuza, Pardo eta Elustondo jokalarien ordez.

Bi taldeen jokoak ez du hobera egin, baina gipuzkoarrek gogo gehiago agertu dute beste gol bat sartu eta partida erabakita uzteko. 70. minutura arte itxaron behar izan dute. Momentu horretan Seferovicek gola egin du, partida osoan jo eta ke horren bila aritu ostean. Suitzarrak irudi ona eman du eta buruko min ugari sortu dizkie Getafeko atzelariei.

Partidak ezer gutxi gehiago eman du. Hiru puntuak Donostian geratu dira eta Jagoba Arrasateren mutilek asteartean Olympiquen aurka jokatuko duten Txapeldunen Ligako atar6ikoan dute burua jada.