Reala
Igandean, 19:00etan
Reala – Atletico, Txapeldunen Ligako bi talde aurrez aurre Anoetan
Erredakzioa
Txuri-urdinek gol bakarra jaso dute Txapeldunen Ligan eta Estatuko Ligan jokatutako azken lau partidetan, eta Claudio Bravok gol gehiagorik ez jasotzeko helburua dute partida irabazi ahal izateko.
-
Realak denboraldi hasierako bolada onari eusti nahi dio. Efe.
Txapeldunen Ligako kutsu nabarmena duen partida jokatuko dute igandean, 19:00etan, Realak eta Atletico Madrilek. Bi taldeak konfiantzaz lepo daude; donostiarrak Txapeldunen Ligako atarikoan emandako irudi onagatik eta madrildarrak Superkopan egindako lan txukunagatik.
Ligari dagokionez ere ez dute kexu handirik. Realak garaipen bat eta berdinketa bat lortu ditu lehen bi jardunaldietan. Atletico Madrilek, berriz, bi garaipen lehen bi jardunaldietan.
Igandeko partidari begira, Realak baja garrantzitsuak dauzka defentsan (Jose Angel, Mikel Gonzalez eta Carlos Martinez), baina bajak izanda ere Arrasateren mutilak ederto ari dira futbolean.
Donostiarrek gol bakarra hartu dute, Elxen kontra, Ligan eta Europan jokatutako lau partidetan. Igandean Claudio Bravoren atea hutsean mantendu nahi dute, partida irabazteko aukera handiagoa izateko.
Realak eraso beldurgarria du; hori da, hain zuzen, arerioei arazo gehien sortzen diena: Griezman, Seferovic eta Carlos Velak osatutako hirukotea bikain dabil aurkako atea zulatzeko orduan.
Ustezko hamaikakoak
Reala: Bravo; Estrada, Iñigo Martínez, Ansotegi, De la Bella; Bergara, Xabi Prieto, Elustondo; Griezmann, Seferovic eta Vela.
Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Godín, Filipe; Arda, Mario, Gabi, Koke; Diego Costa eta Villa.
Epailea: Ayza Gámez (valentziarra).
Futbol zelaia: Anoeta.
Ordua: 19.00.