Itxi

Reala

1-2, Atletico Madrilen aurka

Realak denboraldiko lehen porrota jaso du

Erredakzioa

Txuri-urdinek 1-2 galdu dute Atletico Madrilen aurka. Villak sartu du 0-1ekoa 27. minutuan, eta Kokek egin du 0-2koa, 56.ean. Xabi Prietok aldeak murriztu ditu 68. minutuan, baina ez da nahikoa izan.

  • Reala-Atletico Madril. Argazkia: EFE

    Villak Bravo gainditu, eta 0-1ekoa sartzen duen unea. Argazkia: EFE

Realak 1-2 galdu du Atletico Madrilen aurka Anoetan, eta denboraldiko lehen porrota jaso du. Talde koltxoneroa gehiago izan da, eta merezitako garaipena lortu du.

Partida ez da gaizki hasi Realarentzat hirugarren minutuan Griezmannek lehen abagunea izan baitu. Baina, jokalari txuri-urdinaren boleakadak langa jo du, eta baloia kanpora joan da. Jokaldi honek partida alda zezakeen, izan ere, ordutik aurrera Atletico Madril izan baita nagusi. Lehen minutuetan gaizki pasa duen arren, Simeonek zuzentzen duen taldeak erasora jo du, eta abaguneak sortzen hasi da. Hamargarren minutuan Villaren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da, eta ia jarraian, asturiarraren beste jaurtiketa batek zutoina jo du. Villak bi abisu eman ditu, eta hirugarrenean ez du barkatu. 26. minutuan Ansotegik ez du baloia behar bezala desbideratu, jokalari asturiarrak aldaratzea jaso du area barruan, eta maisuki 0-1ekoa sartu du Claudio Bravo gaindituta. Atletico Madrilen aldeko gol bakarreko aldearekin iritsi da norgehiagoka atsedenaldira.

Bigarren zatian, Reala golaren bila atera da, eta lehen minutuetan izan du partida berdintzeko abaguneren bat edo beste. Etxeko taldea ondoen jokatzen ari zenean etorri da Atletico Madrilen bigarren gola. Koltxoneroek kontraeraso azkarra antolatu dute, Villak pase dotorea eman dio Kokeri, eta honek sare barrura bidali du errematea (0-2).

Norgehiagokako 55. minutuan sartu du bigarren gola Atletico Madrilek, eta bigarren gola jaso duenetik Reala ez da abagune argirik sortzeko gai izan. Ezinean ibili da talde txuri-urdina bigarren gola jaso ondorengo minutuetan, baina bigarren zatian aurkariaren atera jaurti duen lehen aldian, aldeak murriztea lortu du. Xabi Prietok gol bikaina sartu du (1-2). Area barruan baloia jaso du, eta jaurtiketa gurutzatuarekin gol polita sartu du kapitainak.

Partidako azken minutuetan, saiatu da Reala berdinketa lortzen, eta abaguneak izan ditu horretarako. Txuri-urdinak, ordea, Courtois atezainarekin topo egin dute. Atezain belgikarrak erantzun ikusgarria eman dio Graneroren erremateari 89. minutuan, eta 92.ean Pardoren jaurtiketa bikaina desbideratzea lortu du. Reala ez da gola sartzeko gai izan, eta Atletico Madrili ez dio garaipenak ihes egin.

Fitxa teknikoa:

1 - Reala: Bravo; Cadamuro, Ansotegi (Ruben Pardo, 80. min), Markel Bergara, De la Bella; Markel Bergara (Elustondo, 58. min), Zurutuza, Xabi Prieto; Griezmann, Seferovic (Granero, 66. min) eta Vela.

2 - Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Godin, Filipe Luis; Mario Suárez, Gabi, Koke, Diego Costa (Adrian, 90. min), Arda Turan (Christian Rodriguez, 88. min); eta Villa (Raul Garcia, 82. min).

Golak: 0-1, 26. min: Villa. 0-2, 55. min: Koke. 1-2, 68. min: Xabi Prieto.

Epailea: Ayza Gamez.