Itxi

Reala

0-2 galdu du Shakhtarren aurka

Realak porrotarekin ekin dio Txapeldunen Ligari

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 0-2ko emaitzarekin galdu du Shakhtar Donetsken aurka Anoetan jokatu duen partida. Alex Teixeirak sartu ditu Ukrainako taldearen bi golak.

  • Alex Teixeira. Argazkia: EFE

    Alex Teixeira Realari sartutako bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Realak porrotarekin ekin dio Txapeldunen Ligako multzoen faseari. Shakhtar Donetsken aurka 0-2 galdu du talde txuri-urdinak Anoetan. Realaren multzoko beste partidan, Manchester Unitedek 4-2 irabazi dio Bayer Leverkuseni.

Erasokor zelairatu da Reala, eta lehen minutuetan gola sartzeko abaguneak izan ditu talde txuri-urdinak. Griezmannek jaurtiketa ona egin du lehen minutuan, baina Piatov atezainaren erantzuna ere ona izan da. Hurrengo jokaldian Xabi Prietoren errematea harrapatu du Shakhtarreko atezainak. Realeko erdilariaren errematea ez da txarra izan, baina erdiregi atera zaio. Etxeko taldea izan da nagusi lehen minutuetan, eta Shakhtar ezinean ibili da.

Erritmo biziarekin ekin dio Realak norgehiagokari, baina Shakhtarrek norgehiagokak lehen minutuetan izan duen erritmo bizia gelditzen jakin du. Ondorioz, neurketa parekatu egin da. 25. minutra arte, bi taldetako batek ere ez du abagunerik sortu, baina minutu horretan Velak gola sartzeko aukera paregabea galdu du. Griezmannek pase dotorea eman dio, eta errematea egitera joan denean defentsa bat gurutzatu zaio baloia kornerrera bidaltzeko. Korner horretan, Realak beste abagune bat izan du. Baloia Xabi Prietori iritsi zaio, eta kapitainaren jaurtiketa gora joan da. 41. minutuan etorri da partidako jokaldi polemikoa. Xabi Prietori falta egin diote area ertzean. Zaleek penaltia eskatu dute, baina epaileak asmatu egin du, eta falta area kanpoan izan dela adierazi du. Shakhtarrek ez du abagune argirik sortu lehen zatian, eta partida golik gabe iritsi da atsedenaldira (0-0).

Bigarren zatian Shakhtar izan da erasokor zelairatu dena, eta lehen minutuetan arriskua sortu du Realaren ate inguruan. Talde txuri-urdinak, ordea, azkar erantzun du, eta abaguneak sortzen hasi da.

Seferovicek abagune ezin hobea izan du 62. minutuan. Iñigo Martinezek pase bikaina eman dio Realeko aurrelariari, baina honek ez du Pyatov atezainaren aurrean asmatu. Shakhtarreko atezaina bikain ibili da. Abagune argi hau huts egin, eta 65. minutuan Shakhtarrek ez du barkatu. Douglas Costak pase dotorea eman dio orpoz Alex Teixeirari, eta Shakhatarreko erdilariak 0-1ekoa sartu du.

Gola hartuta, Realari kosta egin zaio erreakzionatzea, eta ez dute abagunerik sortu 77. minutura arte. De la Bellaren erdiraketa bat pozoindu egin da, eta Pyatovek lanak izan ditu baloia aldentzeko. Ondoren, Velak egindako erremateak langa jo du. Talde txuri-urdinak berdinkatearen bila jo du azken minutuetan, eta Shakhtar horretaz baliatu da partida erabakita uzteko. Teixeirak 0-2koa sartu du 87. minutuan, eta garaipena eman dio bere taldeari.

Fitxa teknikoa:

0 - Reala: Bravo; Estrada, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, De la Bella; Markel Bergara, Pardo (Granero, 81. min), Xabi Prieto; Griezmann (Castro, 73. min), Seferovic (Agirretxe, 68. min) eta Vela.

2 - Shakthtar Donestsk: Pyatov; Shevchuk, Kucher, Rakitskiy, Srna; Fernando (Fred, 86. min), Hubschman (Stepanenko, 66. min), Douglas Costa (Bernard, 75. min), Alex Teixeira; Taison eta Luiz Adriano.

Golak: 0-1, 65. min: Alex Teixeira. 0-2, 86. min: Alex Teixeira

Epailea: Ovidiu Hategan.