Itxi

Reala

Txapeldunen Liga

Moyes: 'Realak Old Trafforden gehiegi ez gozatzea espero dugu'

Erredakzioa

Manchester Unitedeko entrenatzaileak Realaren partida ugari ikusi dituela eta taldea ondo ezagutzen duela onartu du, prentsaurrekoan.

  • David Moyes. Argazkia: EFE

    David Moyes. Argazkia: EFE

David Moyes Manchester Unitedeko entrenatzaileak Reala ondo ezagutzen duela onartu du prentsaurrekoan. "Realak Txapeldunen Ligarako sailkatzea merezi izan zuen. Hala ere, Liga hasiera hobea egiteko aukera izan du", esan du Eskoziako teknikariak.

"Iragan denboraldian partida ugari ikusi nituen, eta txundituta gelditu nintzen. Lesioek min handia egin diote denboraldi honetan, eta neurketa batzuetan estiloa ere aldatu behar izan du, defentsa lanetan aritzen diren erdilariekin batez ere", esan du David Moyesek.

"Txapeldunen Liga txapelketa handia da, eta aurrera jarraitu nahi dugu. Etxean irabaztea oso garrantzitsua da. Emaitza onak eskuratzeko baloiaren jabetza hobeto kontrolatu behar dugu. Lana ondo egiten ari garela da garrantzitsuena. Emaitzak helduko dira", esan du Manchester Unitedeko teknikariak.

Hamaikakoan aldaketak egon daitezkela ere esan du: "Januzaj Txapeldunen Liga jokatzeko inskribatuta dago, eta Vidicek eta Ferdinandek apurka hobera egin dute. Gainera Welbeck eta Cleverley jokatzeko moduan egongo dira".