Itxi

Reala

Getafen

Bi aurpegiko partida (2-2)

Erredakzioa

Nahiz eta 0-2 irabazten hasi, lehen zatiaren amaieran eta bigarrenean makal ibili da taldea eta Getafek berdinketa lortu du. Azken ordu erdia gizon bat gehiagorekin jokatu du Realak.

2:10

Realak puntu bat erdietsi du Coliseum Alfonso Perezen Getaferen aurka bina eginda. Talde gipuzkoarrak bi aurpegi oso ezberdin erakutsi ditu. Agirretxe izan da goelgilea.

Neurketa ezin hobeto hasi da Jagoba Arrasateren gizonentzat. 3. minutuan, markagailua estreinatu du Imanol Agirretxek Carlos Velaren erdiraketa buruz errematatuta (0-1). Donostiarrak ziren nagusi. Etxekoak, bestalde, erabat desagertuta.

16.ean bigarrena egin du Agirretxek, berriro ere Velaren pasea baliatuta (0-2). Minutu batzuk lehenago, Vela beraren gola baliorik gabe utzi du Fernandez Borbalan epaileak mexikarra jokoz kanpo zegoelakoan. Zalantzazkoa.

Baina 28. minutuan, etxekoen gola sartu du Ciprianek (1-2) eta norgehiagoka erabat aldatu da. Getafe hasi da nagusitzen, eta lehen zatiko azken ordu laurdenean asko sufritu dute txur-urdinek.

Bigarren zatian ere Getafek izan du baloiaren jabetza, eta 53.ean neurketa berdindu dute Luis Garciaren gizonek. Hainbat aldaratzeren ondoren, Pedro Leon ikusi du Diego Castrok eta Real Madrileko jokalari ohiak gol ederra egin du (2-2).

Erasoan jarraitu dute madrildarrek epaileak Borja kaleratu duen unera arte. Orduan garaipena eskura ikusi du Realak berriz ere, eta horretarako lanean hasi da. Baina Getafek ondo defendatu du, eta partida 2-2 bukatu da.

Fitxa teknikoa:

2 - Getafe: Moya; Arroyo, Lisandro, Rafa, Escudero (Roberto Lago, 46'); Míchel, Borja; Pedro Leon, Sarabia (Mosquera, 70'), Diego Castro; Ciprian (Colunga, 87').

2 - Reala: Bravo; Carlos Martinez, Ansotegi, Mikel Gonzalez, Jose Angel; Bergara (Elustondo, 76'), Ruben Pardo; Carlos Vela, Zurutuza (Chory Castro, 71'), Griezmann (Xabi Prieto, 58'); eta Agirretxe.

Golak:

0-1, 4': Agirretxe;

0-2, 16': Agirretxe;

1-2, 29': Ciprian;

2-2, 52': Pedro León.

Horrelakoa izan da partida eitb.com-en