Itxi

Reala

BBVA Liga

Realak luzapenean eta sufrituta irabazi dio Espanyoli (2-1)

Erredakzioa

Donostiarrei kosta egin zaie kataluniarrei gailentzea. Espanyolek aurrea hartu du markagailuan Cordobaren golari esker. Canalesek berdinketa lortu du, eta Velak garaitzeko gola egin du luzapenean.

4:28

Realak sufritutako garaipena lortu du Espanyolen aurka, Carlos Velak luzapenean sartutako golari esker. Kataluniarrek partida txukuna egin dute eta puntu bat ateratzear egon dira.

Jagoba Arrasatek ezin izan du Antoine Griezmann erabili, zigortuta dagoelako, baina taldeak ez du haren hutsa gehiegi sumatu. Entrenatzailearen aldaketek eta Canalesen partida onak erasoko jokoari eutsi diote.

Partidako lehen gola Jhon Córdoba kolonbiarrak egin du. Mikel Gonzalezi baloia lapurtu dio, eta Claudio Bravoren aterantz jo du Realeko sei jokalariz inguratuta. Aurkariak gainetik kendu eta baloia sarera bidali du jaurtiketa indartsua eginda.

Realak asko zuen jokoan eta ez du amore eman, Espanyol hobeto aritu arren. Gauzak horrela, Canalesek berdinketa egin du 32. minutuan, ezkerrarekin egindako jaurtiketa baten bidez. Baloiak Espanyolen jokalari bat jo eta Casilla atezaina nahastu egin du.

Bigarren zati eskasa

Atsedenaldiaren ostean zenbait txistu entzun dira Anoetan, Reala eskas aritu baita eta arriskua sortzea asko kosta baitzaio. Partidak ez du jaberik izan eta garaipena edozeinek eraman zezakeen.

Javier Aguirreren taldea bigarren gola sartzear izan da 88. minutuan, Colottok izandako aukeran. Baina handik minutu pare batera, luzapenean sartuta, Carlos Velak jokaldia egin eta donostiarren bigarrena egin du. Realak hiru puntu garrantzitsu eskuratu ditu eta ia bermatuta dauka datorren denboraldian Europan jokatzea.

Fitxa teknikoa:

2 - Reala: Bravo; Zaldua, Ansotegi, Mikel, De la Bella; Bergara, Pardo, Canales (Zurutuza, 80. min); Chory Castro (Hervías, 74. min), Carlos Vela eta Agirretxe (Seferovic, 74. min).

1 - Espanyol: Kiko Casilla; Javi López (Raúl Rodríguez, 85. min), Sidnei, Colotto, Fuentes; Víctor Sánchez, Lanza (Simao, 45. min), David López, Stuani; Sergio García, Córdoba (Pizzi, 77. min).

Golak: 0-1, 23. min: Córdoba. 1-1, 32. min: Canales. 2-1, 91. min: Carlos Vela.