Itxi

Reala

Krasnodarren aurka

Realak bideratuta utzi du Europa Ligarako txartela (1-0)

Erredakziioa

Lehen ordu erdian jaun eta jabe izan eta gero, behera egin du Realaren jokoak, baina Prietoren golari esker nagusitu dira txuri-urdinak.

  • Reala-Krasnodar. Argazkia: EFE

    Reala-Krasnodar. Argazkia: EFE

Realak Krasnodar talde errusiarra gainditu du (1-0) Europa Ligarako txartela jokoan dagoen kanporaketako joaneko partidan. Xabi Prieto izan da neurketako golegilea.

Talde donostiarra izan da jaun eta jabe neurketako lehen ordu erdian. Markagailua estreinatzeko aukerak ugariak izan dira, baina baloia ez da sartu. Aurreneko gol-aukera Markel Bergarak izan du, 5. minutuan, eta ondoren Prieto, Chory Castro, Pardo eta Agirretxe jokalariek sortu dituzte sarea zulatzeko abaguneak.

Lehen zatiko azken hamabost minutuetan, ordea, bisitariena izan da baloiaren jabetza, eta Realak sufritu egin du. Ari izan da txuri-urdinen area inguruan arrisku gehien sortu duen jokalaria. 41.ean baliorik gabe utzi du epaileak errusiarrek sartutako gola, jokoz kanpo egoteagatik, baina irudien arabera okertu egin da. Realaren jokoak behera egin du lehen zatiko azken ordu laurdenean.

Iparra galduta ekin dio Realak bigarren zatiari, eta kostata iritsi da aurkariaren areara. 58.ean jokalariek eta baita zaleek ere penaltia eskatu dute (atzelari batek eskuarekin ukitu baitu baloia), baina epaileak ez du ezer adierazi.

65.ean 0-1ekoa sartzeko aukera paregabea izan du Joazinhok, baina Zubikarairen aurrean kale egin eta kanpora bidali du baloia. Realaren gola Xabi Prietok sartu du, 71. minutuan, Errusiako atzelarien aldaratzea jasota eta Dikan atezaina gaindituta. 90.ean errenta handitzeko aukera izan dute gipuzkoarrek, baina Elustondoren erremateak langan jo du.

Itzuliko partida hurrengo ostegunean, abuztuaren 28an, jokatuko dute Krasnodarrek eta Realak (18:00etan). ETB-1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute neurketa.

Fitxa teknikoa:

1.- Reala: Zubikarai; Zaldua, Elustondo, Iñigo Martinez, De la Bella; Bergara, Ruben Pardo (Granero, 66'), Xabi Prieto, Canales; Chory Castro (Zurutuza, 66') eta Agirretxe (Carlos Vela, 75').

0.- F.C. Krasnodar: Dikan; Jedrzejczyk, Granqvist, Sigurdsson, Pereyra (Laborde, 80'); Petrov, Joaozinho (Bystrov, 80'), Gazinskiy, Akhmedov, Izmaylov; Ari (Wanderson, 59').

Golak:

1-0, 70': Xabi Prieto.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala gaur