Itxi

Reala

Igandean, Anoetan

Realak eta Athleticek garaipen bakarra lortuta ekingo diote derbiari

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak bost puntu lortu ditu lehen bost jardunaldietan; garaipen bat lortu dute, bi berdinketa eta beste bi porrot. Zuri-gorriek, berriz, partida bat irabazi dute eta beste laurak galdu.

  • Reala-Athletic. Argazkia: EFE

    Iragan denboraldiko Reala-Athletic derbiko irudia. Argazkia: EFE

Realak eta Athleticek igandean (20:30) jokatuko dute euskal derbia Anoetan. Ligako sailkapenari dagokionez, bi euskal talde hauek ez daude unerik onenean. Garaipen bakarra lortu dute bost jardunalditan.

Txuri-urdinak zuri-gorriak baino apur bat hobeto daude. Moyesek zuzentzen duen taldeak bost puntu ditu lehen bost jardunaldiak jokatu ostean, garaipen bat, bi berdinketa eta beste bi porrot eskuratu baititu. Athleticek, ordea, garaipen bakarra lortu eta lau porrot jaso ditu. Oraingoz, zuri-gorriek ez dute berdinketarik izan.

Golen atalari dagokionez, bosna gol lortu dituzte Ligako lehen bost partidetan, baina Athleticek bederatzi gol jaso ditu, Realak baino lau gehiago. Pitxitxiei erreparatuz, Agirretxe Ligako golegile onenen artean dago, lau gol eginda, eta Aduriz ere onenen artean dago, hiru gol sartu baititu Ligan.

Datuak alde batera utzita, Realak eta Athleticek puntuak hirunaka biltzen hasi beharra dute, eta horixe izango da bi euskal taldeen helburua igandeko derbian.