Itxi

Reala

Eusebioren debut ona

Aperribayk egindako entrenatzaile aldaketek hasiera onak izan dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Realeko presidenteak teknikari karguan egindako aldaketek emaitza onak eman dizkio talde txuri-urdinari, entrenatzaile berriek zuzendutako lehen partidetan.

  • Eusebio Sacristan. Argazkia: EiTB

    Eusebio Sacristan. Argazkia: EiTB

Eusebio Sacristanek garaipenarekin debutatu zuen, Sevillari 2-0 irabazita. Orain arte, Realeko presidentea den Jokin Aperribayk fitxatutako entrenatzaile guztiek hasiera ona izan dute talde txuri-urdinean.

Realak egin zuen azken aldaketa, Eusebio ekarri aurretik, Jagoba Arrasate kargutik kendu eta David Moyes fitxatu zuenean izan zen. Moyesek ondo ekin zion taldea hartu berritan; bi garaipen eta berdinketa bat lortu zituen berak zuzendutako lehen hiru partidetan.

Lehenago, beste aldaketa bat egon zen; Philippe Montanier joan egin zen, eta Jagoba Arrasate izendatu zuten Realeko entrenatzaile. Arrasateren debutean, txuri-udinek 2-0 irabazi zioten Getaferi eta Txapeldunen Ligako atariko kanporaketa ere gainditu zuten. Montanierrek berak ere ondo ekin zion 2011-2012. denboraldiari Xixonen 1-2 irabazita eta Anoetan Bartzelonaren aurka berdinketa bat lortuta.

Aperribay buru duen Administrazio Kontseiluak Realera ekarri zuen lehen entrenatzailea Martin Lasarte izan zen. Uruguaiko entrenatzailea 2009-2010. denboraldian iritsi zen Donostiara eta lehen zazpi jardunaldiak porrotik jaso gabe eman zituen Realak. Gainera, denboraldi osoa goialdeko postuetan eman zuen, eta taldea Lehen Mailara igotzea ere lortu zuen.

Jokin Aperribayk presidente kargua hartu zuenean, Juan Manuel Lillo postuan mantentzea erabaki zuen. Zuzendaritza berriaren sarrerarekin, Lillok sei jardunalditan porrotik jaso gabe izan zuen talde txuri-urdina.