Reala
Igandean 17:00etan
Lasarte (Reala:): "Diferentzia mamitsua lortzeko aukera dugu"
Ander Altuna
Zubieta
Numantziaren arriskuaz ohartaraztearekin bat, Prietok, Zurutuzak eta Griezmannek jokatuko ote duten ez du deus aurreratu.
Zapore berezia dario Reala eta Numantziaren artekoari. Lasartek berak berretsi du gaur Zubietako prentsa aretoan. "Asko dugu jokoan bi taldeok. Geuri dagokigunez, irabaztekotan, diferentzia mamitsua lortuko genukeen neurketa bat gutxiagoren faltan. Haien kasuan, borrokan sartzeko aukera izango dute". 11 puntuko tartea zabal lezakete txuri-urdinek: Numantziari ezinezkoa litzaiokeen distantzia hori jatea. Asko dago jokoan, bai.
Xabi Prieto eta Zurutuza osatu diren arren, Lasartek ez du ia aztarnarik utzi. Arkonada-Eizmendi entrenatzaile bikoak ezinhobeto ezaguten du txuri-urdinen multzoa eta lehen itzulian egin bezala, zenbat eta arrasto gutxiago, orduan eta hobeto. "Taldearekin entrenatzen hasiak dira medikuen baimena jaso ostean. Hasieratik jokatzearena beste kontu bat da. Denbora luzez egon dira jokatu ezinik eta ez dute gainerakoen erritmoa. Hasieratik jarri edo pizgarri moduan bigarren zatian zeilaratzea erabakitzen ari naiz". Eta Griezmannen kasuan zer? "Asteartean 90 minutuak jokatu zituen. Atzo, aldiz, ordu laurdena. Ez zen hori guk aurreikusi genuena, baina, taldekide baten arazoak tarteko entrenatzaileak ez zuen beste aukerarik izan. Egin duen esfortzua, indar hustualdia aztertu behar dugu. Neurketa bakarra jokatu izan balu, ez nukeen zalantzarik. Gaur arratsaldean Zubietan izango da galdutako denbora berreskuratzen".
Lasarterentzat, "Numantzia aurkari lehiakorra da oso, gogorra, zaila, egituratua eta landua. Nekeza da haien kontra indarrak neurtzea. Hala ere, zailtasunak ditu guk bezala ez delako errenta jateko gai izan", nabarmendu du. Uruguiatarrak garbi dio zein den jarraituko beharreko bidea. "Orain arte ongi egindakoa: intentsitate biziz jokatzea, baloia berreskuratu orduko erasora azkar ateratzea eta baloia mugitzerakoan eta geldikako jokaldietan hobetu".
Bihar amaituko ditu Realak prestaketa lanak eta ondoren deialdiaren berri emango du entrenatzaileak.