Itxi

Reala

Uste baino larriagoa

Reala: Ligari agur esan dio Bravok

Ander Altuna

Zubieta

Realeko medikuen arabera, bihurritu gaiztoa du txiletarrak eskuin zangoko belaunean eta bi hilabete inguru egongo da jokatu ezinik.

Kordoban jokatu zuen Claudio Bravok aurtengo sasoiko azken neurketa elastiko txuri-urdinarekin. Atzo eta gaur egindako frogen arabera, hasiera batean aurreikusitakoa baino denbora gehiago beharko du berdegunera bueltatzeko, 8 bat aste edo, hortaz, bihurritua gainditu bezain pronto bere selekzioarekin abiatuko da munduko kopa prestatzera. "Korrika eta presaka arituz gero okerragoa izan daiteke eta uneotan ez naiz Mundialean pentsatzen ari. Ez dut horrekin itsutu nahi. Behar bezala osatu nahi dut eta kito", azaldu du Zubietako prentsa aretoan txiletarrak. Lesio bategatik gelditu beharra ez da inorentzat gozoa izaten.

"Taldearekin parte hartu ezinak utzi dit aho zapore mikatzena. Maiatzaren 15 edo 16 arte hemen izango nintzelakoan nengoen eta martxa egiterako helburua bideratuta uztearekin konprometituta. Gutxienez, zer nolako taldekideak dauzkadan jakiteak izugarri lasaitzen nau".

Bravoren ondoren Riesgo mintzatu da hedabideen aurrean. Gorabeheratsua izaten ari da deboraldia debarrarentzat, baina garbi utzi du ez duela atzera begiratu nahi eta jokatzeko prest dagoela. "Uneren batean beste toki batean izan arren burua, neure onera itzuli naiz eta jokatze prest nago. Realeko jokalaria naiz eta guztia emango dut". Kontratua amaitzen duela eta ika-mikaren bat edo beste izan du kirol zuzendarik Lorenekin. Hala ere, entrenatzaileak kirol arloari soilik erreparatuko diola uste du.