Reala
Cartagena-Reala
Lasarte (Cartagena-Reala): "Erabat ziur nago ongi aterako zaigula"
Ander Altuna
Zubieta
Inoiz baino sineskorrago azaldu da entrenatzailea eta norgehiagoka irekia aurreikusten du talde "oso on" baten kontra.
Entrenatzailearen arabera, emozioak kontrolatzean datza arrakastaren giltzak azken txanpa honetan. "Bederatzi final jokatuko ditugu eta horiei, kirol ezaugarrien gainetik, lasaitasunez, neurriz, pazientziaz eta sineskortasunez aurre egiten dion talde horrek abantaila izango du".
Cartagenak Anoetan jokaturiko neurketak bete egin zuen Realeko teknikaria. Bere gustuko taldea da, inondik ere. "Oso talde ona da: buruz burukoetan trebea, baloia mugitzen dakiena, zelaia zabaltzen du eta abiadura handiz jokatu. Gure kontra aritu zenean izugarri gustatu zitzaidan. Uste dut irabaztera aterako direla bi taldeak eta lehia irekia izango delakoan nago".
Huelvan galdu ostean, aldaketak egiteko garaia iritsi zitzaiola adierazi zuen uruguaitarrak. Gaur ordea, ez du aztarnarik utzi nahi izan. « Aldaketak izan daitezke. Ez dut garbi oraindik. Hiru zentralekin jokatu ? aukera bat da, bai. Atepean nork jokatuko duen badakit eta bihar jakinaraziko diet jokalariei".
Realeko zaleengan iltzatuta geratu da Puertollano, azken igoeraren geltokia. Balentria hark 43 urte bete ditu gaur. Horren harira, Lasartek dio behin baino gehiagotan amestu duela bere taldearen arrakastarekin. "Sarritan egin dut amets, bai eta hori gauzatzeko ari gara lanean. Cartagenan irabazita aurrerapauso handia emango genukeen arren, ez litzateke erabakiorra izango".
Bihar osatuko dute txuri-urdinek neurketa aurreko azken saioa eta ondoren abiatuko dira murtziaruntz.