Itxi

Reala

Larunbatean Rayoren aurka

Reala: Gol lehorteari amaiera eman nahi dio Lasartek

Ander Altuna

Zubieta

Bi gol baino ez dituzte sartu txuri-urdinek azkeneko bost neurketatan eta entrenatzailearen ustez, "atzetik-aurrerako zeharbide motelean" dago arazoaren iturburua.

Kontrako atea zulatzeko zailtasunak ditu Realak. Aste batzuk atzera, ezezaguna zitzaion arazo hori, batez beste, gol eta erdi sartzen zuelako partidako. Ezin izan dio ordea, erritmo horri eutsi apirilean zehar eta gisa horretara kostata ari da puntuak batzen. Lasarteren arabera, "defentsatik erasorako bidean ez gara behar bezala moldatzen ari, motelegiak garelako. Baloi jabetza luzeekin kontrarioak eroso sentitzen dira eta hori hobetu beharra daukagu gol aukera gehiago sortzeko".

Inork gutxik aurreikusi ez zuena gertatu zaio Rayo Vallecanori: ez jaisteko borrokan murgilduta dagoela. Haatik, errespetu handia sortzen du bai aldagelan, baita zaleen artean. Kopako kanporaketan eskaini zuen itxura bikaina iltzatuta dute. "Igotzeko borrokan izango zirelakoan nengoen, baina ezin izan dio eutsi. Dena den, jokalari-multzo interesgarria dauka, zelai erditik aurrera oso arriskutsuak dira eta zerbaitegatik sartu ditu inork baino gol gehiago. Hori bai, gu gurera ez baitago norbera baino etsai handiagorik".

Pasa den asteko prentsa agerraldian ez zuen atezainen inguruko zalantza uxatu eta gaur beste horrenbeste egin du euskarrian nor arituko ote den galdetuta. "Markelek jokatuko du. Bere aldamenekoa nor izango den erabakita daukat baina ez dut ezagutzera emango". Sergio, Zurutuza, Illarramendi eta Albistegiren artean dago, nahiz lehenbizikoak abantaila daraman.

Beste alde batetik, ebakuntza egin diote gaur goizean Carlos Buenori sudurrean zuen arazoa zuzentzeko. Izterreko lesiotik osatzen jarraitzen du eta hutsarte hori baliatu du ospitaletik sartu-irtena egiteko.