Reala
Igandean Betisen aurka
Lasarte: "Mota hauetako partidetan eman dugu mailarik onena"
Ander Altuna
Zubieta
Hori dela eta bere mutilengan fede osoa duela ziurtatu du entrenatzaileak. Zerrendatik kanpo geratuko da Carlos Bueno.
Zazpi neurketa jokatu dituzte txuri-urdinek aurreneko bost sailkatuen kontra uzta emankorra eskuratuz: lau garaipen, puntu baliotsua Cartagenaren zelaian eta bi porrot, horietako batean hori bai, sekulako jipoia eman zion Herculesek. Datuok objektibotasunera hurbiltzen dute Lasarteren iritzia. "Joan den urteko egiturari eutsi dio Betisek ahalik eta lasterren lehen mailara bueltatzeko. Barruko jokoak, buruz buruko jokaldiek, Emanak jokatuko du eta funtsezkoa da haientzat, kezkatzen naute. Giroa gaiztoa izango da, tentsio handikoa...baina, hain zuzen, mota hauetako partidetan eman izan dugu mailarik onena eta horregatik lasai ikusi ditut jokalariak, konbentzituta".
Reala bihar abiatuko da Andaluziako hiriburura Bueno aurrelaria, taldeko golegilerik onena, etxean utzita. Horren zergatia azaldu du teknikariak. "Uste baino lehenago osatu arren oraindik ez dago berdegunera salto egiteko moduan. Atzoko froga ez zuen gainditu ez dagoelako sasoi-sasoian eta beste astebetez entrenatzeak mesede egingo dio".
Kontrako atea zulatzeko komeria franko dute jokalariek. Bistan da, hiru gol baino ez azken zortzi partidatan. Entrenatzaileak ez dio errealitateari bizkar eman eta atera erremateak landu ditu bereziki egunotan. "Halako kontuak ohikoak dira futbolean, ez dira magiaz gertatzen. Zailtasun handiak ditugu golak sartzeko. Orain bi hilabete ordea, talderik goleatzaileena ginen eta jokalariak ez dira aldatu. Kontrako atetik hurbilen ariko direnengan fede osoa daukat".
Azkenik, Ruiz de Loperako harmailak gainezka izango direla eta, sendotasuna eskatu die bere jokalarie. "Promozio neurketa jokatutakoa naiz bertan eta badakit plaza gaiztoa dela. Hala ere, horri aurre egiteko gai izan behar gara zaleak gure alde jartzeko".