Itxi

Reala

Larunbatean, 20:00etan

Reala-Vila-real B: Zirt edo zart

Ander Altuna

Zubieta

Garaipena behar-beharrezkoa dute txuri-urdinek helmugara gerturatzeko. Vila-realen azterketa gainditzeko zaleen babesa erabatekoa izango da.

Benetako pausua emateko garaia heldu zaio Realari. Une erabakiorrean sartuta, ez dago huts egiteko marjina. Vila-Reali dagokio gaizkilearen lana betetzea txuri-urdinen festa zapuzteko. Txapela kentzeko moduko denboraldia burutu du harrobiko taldeak eta askoren ustez, jokorik ikusgarriena eurek sortu dute. Lasartek hori azpimarratu zuen atzo. Hala ere, entrenatzaileak bere mutilei aitortu zien garrantzia guztia. Sinisteko unea zela esan zuen eta zelai gainean premia larria nork zuen nabaritu behar zela. Horretan ahaleginduko dira garaipenak ezin duelako ihes egin Anoetatik.

Carlos Bueno eta Markel Bergara itzuli dira zerrendara Viguera eta Carlos Martinezen ordez. Uruguaitarraren kasuan, denbora zeraman berdeguneetatik kanpo zuntz haustura latz baten ondorioz. Orain hilabete pasatxo hartu zuen min Albaceteren aurka eta bazirudien nekez itzul zitekeela denboraldia amaitu baino lehen. Azkenerako usteak usteldu ditu eta baliteke gainera hasierako taldean tokia izatea ere. Elgoibartarrari dagokionez, honek ere aste batzuk bazeramatzan taldetik kanpo giharretako arazoengatik eta neurri batean, Rivasen arabera sartu da. Hau da, erdilari espainiarrak orkatila bihurritu zuen atzo eta gaur ez da gainontzekoekin aritu badaezpada ere. Jokatu egingo du, baina arazorik balego hortxe da Markel.

Gutxi asko, hamaikako hauxe izango da: Zubikarai, Estrada, Ansotegi, Gonzalez, De la Bella, Rivas, Aranburu, Prieto, Zurutuza, Griezmann eta Nsue, Agirretxe edo Bueno. Zalantza nagusia aurrelari-postuan dago.

Anoetako harmailak irakiten egongo dira. Klubak bazkideen esku jarritako sarrera merkeak aitaren batean agortu zirenez betekadatik gertu behar du zelaiak. Aurrez, jarraitzaileek menu bete-betea dute: Arantzazuko Santutegitik abiatuko den ibilaldia, Sagargo Eguna Donostiako Alde Zaharrean, kalejira estadioruntz, txaranga, batukada, taberna-barrak Anoeta inguruan, pantaila erraldoia... Guztia prest dago.