Itxi

Reala

Larunbat honetan igo daiteke

Reala: Irabazi eta gero gerokoak

Ander Altuna

Zubieta

Asteburu honetan eskura lezakete txuri-urdinek igoera baldin eta euren partida irabazi ostean kontrarioek kale egingo balute.

Ramon de Carranzako neurketa bukatutakoan jokatuko dute Realaren aurkari guztiek eta euren esku ere egon daiteke neurri handi batean gipuzkoarren arrakasta. Kalkuluak egin ahal izateko ezinbesteko baldintza Cadizen kanpoko taldeak irabaztea da. Hori gertatu ezean berdin da Betis, Levante eta enparauek zer egin duten. "Garrantzitsuena guk irabaztea da eta beste kontu guztiak bigarren maila batean daude. Ahalik eta lasterren igotzea gustatuko litzaiguke, bitan pentsatu gabe gainera, eta lehenbiziko aukeran bada, hobe. Lehiaketak ez du barkatzen eta helburua zenbat eta lehenago lortu askoz ere hobeto", adierazi du Eñaut Zubikaraik Puioko futbol zelai berrian. Azken belaunaldiko belar artifizialeko zelaia da, Donostiako Aiete eta Amarako auzoen artean kokatuta dago, itxura bikainekoa.

Demagun, Realak hiru puntuak eskuratzen dituela. Igo ahal izateko, hainbat emaitza zaindu behar ditu hurbil-hurbiletik. Aurrena, Betisena, larunbatean bertan 21:30etik aurrera. Andaluziarrek ez balute Numantzia mendean hartuko, kito, txuri-urdinak primeran leudeken. Hala ez balitz, Levantek galdu egin behar lukeen Gal estadioan eta gainera, Cartagena-Hercules partidak berdinketan amaitu ez.

Diego Rivas bestalde, bere kasara aritu da korrika oraindik ere pasa den astean bihurritua izan zuen orkatila minduta duelako. Mantxako erdilariak ongi ezagutzen du Cadizko zelaia, bertan aritu baitzen 2007/08 denboraldian. "Harmailetako giroa aparta izango da Carranzako jarraitzaileek bultza egiten dutelako eta gureak ere berdintsu arituko direlako. Ea maila ematen dugun. Ezin dezakegu lo hartu inondik inora". Bihar arratsaldean itzuliko dira lanera txuri-urdinak.