Itxi

Reala

Errege Kopa

Realak urrats handia eman du Vila-reali irabazita (3-1)

Mikel Dominguez | eitb.eus

Willian Josek, Velak eta Oyarzabalek egin dituzte etxekoen golak. Triguerosek gola sartu duen arren, donostiarrek aldeko emaitzarekin jokatuko dute final-zortzirenetako itzulikoa Madrigalen.

  • Willian Jose, lehen gola ospatzen / EFE.

    Willian Jose, lehen gola ospatzen / EFE.

Realak Vila-reali irabazi dio Errege Kopako final-zortzirenetako joaneko neurketan (3-1). Willian Jose, Vela eta Oyarzabal izan dira Realaren goleatzeaileak, eta Trigueros Vila-realena. Txuriurdinek bi goleko aldearekin bidaiatuko dute Madrigalera.

Realak baloia nahi izan du hasieratik, baina hasieran partidak ez du erritmorik izan. Zalduak kolpe bat jaso du aurpegian, eta minutu batzuz gelditu da neurketa.

Etxekoak ezker hegaletik saiatu dira. Reala eta Vila-real ez dira gai izan jokaldi argiak sortzeko, baina Willian Josek neurketa aldatu du 17. minutuan. Oyarzabalek pase ona eman dio brasildarrari, eta horrek atezainaren gainetik jarri du, Realaren lehenengoa eginez.

Vila-realek baloia eskuratu duenean, Realak ez dio igarotzen utzi. Ordu erdira, baina, Realaren zelaian jokatzen hasi dira. Hala ere, txuriurdinek ez diete erraz jarri. Kanpokoek atzean oso ondo aritu den taldea izan dute aurrean.

34. minutuan, Mario eskuin-hegalekoak eta Asenjo atezainak bigarren gola eta, bide batez, lasaitasuna oparitu dizkiote Realari. Vila-real presiorik handiena egiten ari zenean, bi jokalariek ez dute elkar ulertu goitik zetorren baloi batekin, eta atean utzi diete Willian Jose eta Velari. Mexikarrak bigarren gola egin du, arazorik gabe.

Atsedenalditik bueltan, 61. minutuan, Realak aldea handitzeko abagune ezinhobea izan du, baina Asenjok ondo zapuztu du. Willian Joserena izan da errematea. Jarraian, beste bat izan du Realak, eta Vila-realen kontraerasoan, Rullik oinarekin atera behar izan du baloia. Kanpokoen lehenengoa izan zitekeen.

Neurketa apurtzetik gertu egon da. Bi taldeak erraztasunez heldu dira aurkariaren areara. Baina 73. minutuan, Oyarzabalek gol ederra egin du. Musacchio gailendu du, eta gero ezkerrarekin jaurtiketa bikaina atera du.

Aldea gutxiagotu du Vila-realek

Norgehiagoka Realaren aurrerapauso garrantzitsuarekin erabakita zegoela ematen zuen, baina minutu gutxi geroago, Triguerosek aurreratuta ikusi du Rulli, eta gol bikaina egin du urrunetik. Atezainak ukitu du, baina barrura joan da baloia.

Realak aldeko emaitzarekin bidaiatuko du Madrigalera, baina kanpokoek murrizteko aukerak izan dituzte azken minutuetan.

ken minutuetan.