Itxi

Reala

3-0

Realak erakustaldia eman eta Vila-real jipoitu du

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 3-0 irabazi du Anoetan eta bigarren garaipena jarraian lortu du Ligan. Willian Jose, Xabi Prieto eta Juanmi izan dira golegileak.

  • Xabi Prieto. Argazkia: EFE

    Xabi Prieto, Vila-reali sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak 3-0 irabazi dio Vila-reali Anoetan erakustaldia emanda. Joko ona azaldu du Eusebiok zuzentzen duen taldeak eta bigarren garaipena jarraian lortu du Ligan. Bi jardunalditan sei puntu bilduta iritsi da Reala txapelketaren geldialdira.

Bizi eta erasokor ekin dio lehiari talde txuri-urdinak. Arazoetan sartu du Vila-realen defentsako lerroa, baina ez du abagune argirik sortzea lortu. Area kanpotik egindako jaurtiketen bitartez egin dituzte saiakerak Juanmik eta Illarramendik, baina ez dute aurkariaren atea aurkitu. Kanpoko taldearen jokalari arriskustsuenak Castillejo eta Bakambu izan dira; hala ere, Vila-realek ez du gola sartzeko aukera argirik sortu. Reala baloiaren jabe izan da, eta aurkaria baino hobeto jokatzen ibili da. Nagusitasunak saria jaso du 26. minutuan; Oyarzabalek kornerra atera, Xabi Prietok buruz ukitu, eta Willian Josek sare barrura bidali du errematea, 1-0ekoa sartuz. Gola sartu ostean, talde txuri-urdinak nagusi izaten jarraitu du, eta lehen zatia amaitu orduko abantaila handitu du Realak. Neurketako 36. minutuan Xabi Prietok sartu du 2-0ekoa. Prietoren 500. partida izan da, eta gola sartuta ospatu du. Realaren bigarren golak txuri-urdinen nagusitasuna islatu du, baina atsedenaldira iritsi orduko Juanmik festa biribildu du, 3-0ekoa sartuta. Gol bikaina sartu du, baloia maisuki loratuta Andres Fernandez atezainaren gainetik.

Bigarren zatian Vila-real erasokorrago zelairatu da, baina ez du abagune argirik sortu Rulliren ate inguruan. Realak ere ez du gol aukera argirik sortu, nahiz eta partida kontrolpean izan duen. Talde donostiarrak izan du bigarren zatiko abagunerik onena 68. minutuan; Barbosa atezainak, ordea, Velaren gola eragotzi du gelditu ona eginda. Oyarzabalek ere abagune argia izan du 86. minutuan, baina Barbosak berriro eragotzi du txuri-urdinen gola. Vila-real ezinean ibili da, eta garaipenak ez dio ihes egin Realari.

Fitxa teknikoa:

3 - Reala: Rulli; Odriozola, Aritz, Navas (Agirretxe, min.81), Rodirgues; Illarramendi, Zurutuza, Xabi Prieto; Oyarzabal, Juanmi (Vela, min.64), eta Willian Jose (Canales, min.73)

0 - Vila-real: Andres Fernandez (Barbosa, min 45); Alvaro, N'Diaye, Semedo, Jaume Costa; Rodri, Trigueros (Sansone, min.79), Fornals, Castillejo; Bacca (Unal, min.69) eta Bakambu.

Golak: 1-0; Willian Jose, min.24, 2-0: Xabi Prieto, min.33. 3-0, Juanmi, min.44.

Epailea: Estrada Fernández.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala