Itxi

Reala

1. jardunaldia

Garaipenarekin hasi du Liga Realak, Vila-reali markagailua iraulita

eitb.eus

Gerard Morenok egin du etxekoen gola, eta Willian Josek eta Juanmik buelta eman diote norgehiagokari, etxekoen bi akatsi esker.

  • Txuriurdinak, berdinketaren gola ospatzen / EFE.

    Txuriurdinak, berdinketaren gola ospatzen / EFE.

Realak garaipena lortu du denboraldiko lehenengo partidan, Vila-realen zelaian. Neurketa oso berdinduta joan da, baina etxekoek garesti ordaindu dituzte atzean egindako bi akats.

Vila-realek ondo hasi du norgehiagoka, eta Gerard Morenok lehenengo gola egin du, banakako jokaldi batean. Baina jokoak ez du jarraitasunik izan, eta Realak lehenengo abagunea aprobetxatu du berdintzeko.

Vila-realen golaren ondoren, neurketak oso berdinduta jarraitu du. Etxekoek, agian, iniziatiba handiagoa izan dute, baina argitasunik gabe Gero Rulliren atearen aurrean.

Realak ere ez du arrisku handirik sortu. Hala ere, atsedenaldirako bost minutu geratzen zirenean, Willian Josek Funes Moriren akats larri bati probetxua atera dio. Vila-realeko atzelariak pase batean huts egin du, eta berdinketaren baloia oparitu die donostiarrei.

WILLIAN JOSE GOL VILLARREAL REAL SOCIEDAD EFE

Adoretu dira txuriurdinak, eta atsedenaldiaren aurretik berdintzeko aukera izan dute. Izan ere, Asenjoren atean sartu dute baloia, baina epaileak falta adierazi du, eta lehen zatia berdinketarekin bukatu da.

Bigarren zatian ez da aldaketarik egon partidaren dinamikan. Realak estrategia jokaldietan sortu du arriskua, batez ere korner jaurtiketetan.

Etxekoen atzelarien beste akats batean, oraingoan Alvarorena, Juanmik garaipenaren gola egin du, erremate bikain baten bidez.

Azken zatian Vila-real izan da nagusi, baina garaipena Donostiara joan da.

 

FITXA TEKNIKOA

Vila-real: Asenjo, Mario Gaspar, Alvaro, Funes Mori, Pedraza, Caseres, Fornals (Bacca, 78. min), Cazorla (Trigueros, 73. min), Morlanes (Raba, 66. min), Gerard eta Toko Ekambi.

Reala: Rullo, Zaldua, Llorente, Hetor Moreno, Theo Hernandez, Zubeldia, Illarramendi, Mikel Merino (Zurutuza, 59. min), Ruben Pardo (Juanmi, 68. min), Oyarzabal (Elustondo, 80. min) eta Willian Jose.

Golak: 1-0, 16. min: Gerard Moreno. 1-1, 40. min: William Jose. 1-2, 71. min: Juanmi.