Itxi

Reala

2024ra arte

Oyarzabalen kontratua 2024ra arte luzatu du Realak

eitb.eus

Kontratuaren berritzea ofizial egin du Donostiako taldeak: bi denboraldi gehiagorako eta 75 milioi euroko etete-klausularekin.

Mikel Oyarzabalek eta Realak bi denboraldi gehiago luzatu dute kontratua, 2024ra arte, etete-klausula 75 milioi eurora arte igota.

Klubak komunikatu labur batean esan duenez, 15 urterekin Realera heldu zen eibartarrak "bere konpromisoa eta leialtasuna erakutsi du berriro".

Gipuzkoarrak klubaren web gunean esan duenez, "oso argi zuen nahi zuena" eta hasieratik bere "lehen asmoa" beti izan da Realean geratzean.

Hedabide batzuek zabaldutako Athleticen eskaintza aipatu ez badu ere, Oyarzabalek nabarmendu du beti egon nahi izan duela Realean, eta talde txuriurdinean egotea "amets bat" dela.

"Xabik bere agurraren egunean esan zuenez, hemen zoriontsu izan zaitezke, gauzak lortu daitezke. Hori da helarazi beharreko mezua, lehen taldetik gertu dagoen jendeari zein Realean orain hasten ari diren gazteei", esan du eibartarrak.

Twitterren argitaratutako bideo batean, txuriurdinen tresnazaina agertzen da Oyarzabalen botak garbitzen eta hutsik zegoen tokian uzten. Bukaeran, mezu argi bat agertzen da: #Oyarzabal2024.