Itxi

Reala

FINAL-ZORTZIRENAK

Reala-Betis, final-laurdenen bila

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Imanol Alguacil txuri-urdinen entrenatzaileak neurketaren aurreko prentsaurrekoan ohartarazi duenez, 'partida irabaztera aterako dira'. Realak Betis gainditu behar du Anoetan.

  • Mikel Oyarzabal, joaneko partidan

    Mikel Oyarzabal, joaneko partidan. Argazkia: EFE

Realak Betis izango du aurkari gaur, Anoetan (19:30), Errege Kopako final-zortzirenei dagokion itzuliko partidan. Txuri-urdinek hutsean berdindu zuten aurreko astean Benito Villamarinen jokatu zen joaneko partidan (0-0).

Aitzitik, azken urteetan, donostiarrek ez dute estatistika onik pilatu etxean txapelketa horretan; izan ere, hiru norgehiagoka besterik ez dituzte irabazi Anoetan azken bost denboraldietan: hain zuzen ere, Oviedoren (2014), Vila-realen (2017) eta Celtaren aurka. Azken hori aurtengo final-hamaseirenetako kanporaketan izan zen.

Haatik, joan zen urtean, Bigarren B Mailako Lleidak utzi zuen txapelketatik at talde donostiarra.

Realak, oraingoan, sendoagoa dirudi Imanol Alguacilek taldeko ardura hartu duenetik. Gainera, entrenatzaile oriotarrak neurketaren aurreko prentsaurrekoan azaldu duenez, "partida irabaztera aterako dira"; beraz, baztertu egin du Kopako txapelketa eragozpen bat denik eurentzat.

Alguacilek ia jokalari guztiak osoa izango ditu erabiltzeko moduan; hortaz, hamaikakoan aldaketa ugari egitea espero da, eta, tartean, Theo Hernandezek edota osatuta dagoen Sandrok bere aukera izan dezakete.

Joaneko norgehiagokako berdinketaren ondorioz, Betisek gola sartzeko beharrarekin bidaiatuko du Donostiara; dena dela, jakin badaki golekin lortutako edozein berdinketak balio diola.

Hartara, Realaren aurkako lehiarako Quique Setien andaluziarren entrenatzaileak Diego Lainez mexikar fitxatu berriari jokatzeko aukera eman diezaioke, nahiz eta, Setien berak aitortu duenez, agiri bat falta dute oraindik jokatzeko moduan egon dadin.

Balizko hamaikakoak:

Reala: Rulli, Zaldua, Moreno, Llorente, Theo, Illarramendi, Pardo, Merino, Jon Bautista, Oyarzabal eta Juanmi.

Betis: Joel Robles, Barragan, Mandi, Bartra, Tello; Lo Celso, Carvalho, Javi Garcia, Canales, Joaquin eta Loren.

Epailea: Gonzalez Fuertes.

Futbol-zelaia: Anoeta.

Ordua: 19:30.