Itxi

Reala

Berdinketa Anoetan

Realak ez ditu lanak egin Ligako azken sailkatuaren aurka (0-0)

Agentziak | Erredakzioa

Imanolen taldeak aukera aparta galdu du hiru puntu gehiago lortzeko, baina taldeak partida eskasa jokatu du Huescaren aurka.

  • Realak partida txarra jokatu du

    Realak partida txarra jokatu du. Argazkia: Efe.

Realak Anoeta eroso jokatu barik jarraitzen du eta beste bi puntuk ihes egin dute Donostiatik Huesca Ligako azken sailkatuaren aurka hutsean berdindu ostean. Emaitza honekin, Huescakoek ez dute euren egoera asko hobetu baina euskal zelaietan puntuak ateratzeko erraztasuna dutela berretsi dute, Bilbon eta Eibarren ere puntuak atera ostean.

Lehen ordu laurdenean, eta tartetako euri jasen artean, bi taldeak erasora aritu dira baina sakontasunik gabe eta atezainek lan gutxi izan dute. Taldeak elkar aztertzeko erabili dituzte partidako lehen jokaldiak, ezer gutxi arriskatuz.

Huesca nahiko ondo aritu da, atzean serio defendatuz eta baloia aurrera ateraz. 20. Minutuan, gainera, susto ederra eman die Realeko zaleei, Yangel Herrera venezuelarrak egindako erremateak Rulliren ateko zutoina jo duenean.

Momentu horretan esnatu dira donostiarrak, taldeak aurrera egin du eta partida ireki egin da. Orduan izan du Merinok berdinketa hausteko aukera, baina bere jaurtiketa Santamariaren ondo-ondotik atera da.

Oso aukera gutxi izan dira partida osoan. "Chucho" Hernandezek izan du aukera apurretako bat, Enric Gallegok pasea eman dio baina Rullik ondo urrundu du bere errematea.

Bigarren zatian, hobekuntzarik ez

Bigarren zatian jokoak eskasa izaten jarraitu du, emaitza bi taldeentzat txarra izan arren: donostiarrek garaipena nahi zuten Europara hurbiltzeko, eta Huescak, berriz, zulotik ateratzen hasteko.

Baina ez da golik izan eta azkenean bi taldeek puntu bakarrarekin konformatu behar izan dute.


Fitxa teknikoa:

0. - Reala: Rulli; Zaldua, Navas, Llorente, Theo; Illarramendi, Zubeldia, Merino (Sangalli, 87. min), Oyarzabal; Willian José (Juanmi, 83. min) eta Sandro (Januzaj, 59. min).

0.- Huesca: Santamaría; Etxeita, Insua, Pulido, Akapo, Herrera (Musto, 65. min), Rivera, Moi Gómez, Miramón; Enric Gallego (Ávila, 84. min) eta "Cucho" Hernández (Ferreiro, 89. min).