Itxi

Reala

ERREGE KOPA

Betisek final-laurdenik gabe utzi du Reala (2-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Arerioaren zelaian sartutako golen balio bikoitzari esker igaro dira hurrengo kanporaketara andaluziarrak.

  • Bartra eta Oyarzabal baloiaren lehian.

    Bartra eta Oyarzabal baloiaren lehian. Argazkia: EFE

Reala Errege Kopatik kanpo geratu da ostegun honetan, Betisen aurka 2-2 egin ostean Anoetan, oso neurketa parekatuan.

Talde biek patxadatsu ekin diote partidari, baloiaren jabetza elkarrekin banatuz, baina aurkariaren atera arriskuarekin hurbildu gabe.

Etxekoen lehendabiziko aukera garbia lehen ordu laurdena bete denean heldu da, korner batean. Oyarzabalek baloia buruz eman dio Merinori, baina nafarrak ez du asmatu Joelen aurrean, dena alde zuela zirudien arren.

Betis erasokorrago aritu da lehen zatiko azken minutuetan. Lehenengo ahalegina Tellorena izan da, baina Moyak ondo gelditu du. Hurrengoan, baina, Tellok berak Loreni eman dio area barruan, eta hark Canalesi utzi dio, kantabriarrak bere talde ohiari gol eder bat sartzeko (37. min).

Horrenbestez, Realak bi gol sartu behar zituen kanporaketa gainditu ahal izateko, eta berehala lortu du lan erdiak egitea; izan ere, bi minutu geroago (39. min), Zubeldiak, beste korner batean, jokaldi aparta egin du area barruan, eta berdinketaren gola erdietsi du.

Atsedenalditik bueltan, txuri-urdinak nagusi izan dira, eta arriskua eraman dute sevillarren atera, batez ere Zubeldiak urrunetik egindako jaurtiketa baten bitartez.

Oldarkortasun horrek saria ekarri die etxekoei, kanporaketa euren alde jartzeko gauza izan baitira bigarren zatiko erdialdean. Willian Jose eta Januzaj argi ibili dira alboko sake bat azkar ateratzeko. Belgikarrak bigarren zutoinera erdiratu du, Merino ikusita, eta erdilariak ez du barkatu buruz izan duen bigarren aukeran baloia sarera eramateko (61. min).

Haatik, poztasunak ez du gehiegi iraun Anoetako harmailetan, Lorenek berdinketa erdietsi baitu handik gutxira (69. min).

Gol horrek min handia egin dio Realari. Dena den, azken minutuetan, presionatzen saiatu da, baina ez du lortu final-laurdenetan egotea ahalbidetuko zion gola egiterik.

Fitxa teknikoa:

Reala 2: Moya, Zaldua, Le Normand (Juanmi, 86. min), Hector, Theo, Illarramendi, Zubeldia, Merino, Januzaj (Sandro, 71. min), Oyarzabal eta Willian Jose.

Betis 2: Joel, Bartra, Javi Garcia, Mandi, Tello, Canales, Willian Carballo, Barragan, Joaquin (Feddal, 78. min), Lo Celso eta Loren Moron (Sergio Leon, 90. min).

Golak: 0-1, 37. min: Canales. 1-1, 39. min: Zubeldia. 2-1, 61. min: Merino. 2-2, 69. min: Loren.

Epailea: Gonzalez Fuertes. Txartel gorria atera dio Lo Celsori, bigarren txartel horia erakutsi ostean. Txartel horiak: Le Normand, Januzaj, Hector eta Illarramendi (Reala); Loren Moron eta Barragan (Betis).