Itxi

Reala

Anoeta, 21:00etan

Realak bere burua aldarrikatu nahi du Levanteren aurrean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Azken bi neurketak galdu eta gero, hiru puntuak lortu nahi ditu selekzioen partidengatik Ligan egongo den geldialdiaren aurretik.

  • Adnan Januzaj, lehen itzuliko partidan.

    Adnan Januzaj, lehen itzuliko partidan. Argazkia: EFE

Realak eta Levantek Ligako 28. jardunaldia jarriko dute martxan ostiral honetan, Anoetan. Talde bata zein bestea ez daude denboraldiko unerik gozoenean; izan ere, ez dute garaipenik lortu jokatutako azken hiru partidetan.

Txuri-urdinek, esaterako, puntu bakarra bereganatu dute azken bederatzi horietatik. Berdindu egin zuten Gironaren etxean (0-0), eta galdu egin zuten Atleticoren (0-2) eta Sevillaren (5-2) aurka. Ondorioz, ezin izan dira buru-belarri sartu Europarako postuen borrokan.

Valentziarrek, berriz, ez dute puntu bakar bat ere eskuratu, eta, hori dela eta, geroz eta hurbilago dituzte jaitsiera postuak.

Gainera, talde biek bukatu zuten animoz baxu azken jardunaldiaren ostean. Imanol Alguacilek entrenatzen duen taldeak gol-zaparrada sufritu zuen Sanchez Pizjuanen, bigarren zati txar bat jokatu eta gero (lau gol jaso zituen 20 minuturen buruan). Bere aldetik, Paco Lopezeren taldeak ere kolpe gogorra hartu zuen Vila-realen aurka etxean jokatutako derbian, galdu egin baitzuen luzapenean sartu zizkioten bi golekin (0-2).

Horrenbestez, gertatutakotik ikasi eta hiru puntuak lortzen saiatuko dira txuri-urdinak, selekzioen partidengatik Ligan egongo den geldialdiaren aurretik. Horretarako, Valentziako taldea azkenaldian defentsa arloan azaltzen ari den ahulezia aprobetxatzen saiatu beharko dute donostiarrek.

Realaren aldetik, min hartuta jarraitzen dute Diego Llorentek, Asier Illarramendik eta Willian Josek. Horrez gain, Igor Zubeldiak ere ezingo du jokatu, zigorra bete beharko baitu. Bisitarien artean, aldiz, Doukoure da lesionatuta dagoen jokalari bakarra.

Itxura guztien arabera, Januzaj eta Zurutuza Imanolen hamaikakora itzuliko dira, eta Paco Lopezek Mayoral hauta dezake Moralesekin batera aurrealdean jokatzeko.

Balizko hamaikakoak:

Reala: Rulli, Zaldua, Navas, Hector Moreno, Theo, Ruben Pardo, Zurutuza, Merino, Januzaj, Oyarzabal eta Sandro.

Levante: Aitor, Simon, Coke, Rober, Cabaco, Luna, Bardhi, Campaña, Rochina, Morales eta Roger edo Mayoral.

Epailea: Cordero Vega.

Futbol-zelaia: Anoeta.

Ordua: 21:00.