Itxi

Reala

Gaur, 20:30ean

Reala vs. Atletico, Erreginaren Koparen finala

Agentziak | Erredakzioa

Donostiarrek Atletico Madrilekin neurtuko dituzte indarrak Granadan, eta helburua historiako lehen titulua irabaztea da.

1:37
Realeko jokalariak, finalerako pasea ospatzen

Aurreikuspenetan Atletico Madril faborito dela aprobetxatu nahi du Realak Erreginaren Kopa lortu eta historiako bere lehen titulua irabazteko.

Talde bien maila ikusita eta aurreko astean biek jokatu zuten Ligako partidan gertatutakoa kontuan izanda (madrildarrek 1 eta 3 irabazi zuten Zubietan), madrildarrak dira faborito nagusi titulua irabazteko. Partida 20:30ean hasiko da gaur, Granadako Los Cármenes zelaian.

Baina Gonzalo Arconadaren taldeka denboraldi bikaina egin du Kopan eta Iberdrola Ligan. Azken jardunaldian, bi taldeek elkarren aurka jokatu zuten eta partida horretan zuri-gorriek liga txapelketa irabazi zuten, laugarrena jarraian.

Neurketa hori 1 eta 3ko emaitzarekin bukatu arren, nahiko orekatua izan zen, eta Kopako finalean aurkari izango duen taldea gertutik aztertzeko aukera paregabea izan zuen Gonzalo Arconadak.

Carla Bautista, Atleticok utzita Realean jokatzen ari den jokalaria, zelaian izango den ala ez azken momentuan argituko da. Gipuzkoarrek diru kopuru bat ordaindu behar dute Bautistak jokatzeko, baina aurrelariaren kontratua amaitzear da eta askok bere ekarpena izan nahi dute bai finalean eta baita etorkizunean ere.

1.500 realzale

Begi asko Nahikari Garcia jokalari txuriurdinarengan jarrita izango dira. Aurrelariak 16 gol sartu ditu aurtengo denboraldian eta, zurrumurruen arabera, Atleticek jokalaria fitxatu nahi du.

Realeko 1.500 zale inguru Granadan egongo dira partida ikusten, eta Donostian ere partida jarraitzeko aukera izango da, hirian jarritako ‘fan zone’ gune berezian.