Itxi

Reala

37. JARDUNALDIA

Athleticek eta Realak irabazi egin dute; Alavesek eta Eibarrek, berriz, galdu

EITB.EUS

Bilbotarrek aise azpiratu dute Celta (3-1) eta donostiarrek irauli egin dute Real Madrilen aurkako partida (3-1). Alavesek (3-1) eta Eibarrek (1-0), aldiz, galdu egin dute Valentzia eta Vila-realekin.

  • Athleticen jokalariak gol bat ospatzen

    Athleticeko jokalariak hiru goletako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athletic aise gailendu zaio Celtari San Mamesen; Raul Garciak bi gol egin ditu (lehenengoa, penaltiz) eta hirugarrena Iñaki Williamsek sartu du.

Garitanoren taldea galiziarra baino gehiago izan da partida osoan, eta Aspas izan da gola egiteko gai izan den bakarra, penaltiz, neurketa amaitzear zegoela. Hala, partida 3 eta 1ekoarekin amaitu da. Markel Susaetak bere azken minutuak jokatu ditu Athleticekin etxean, eta Aduriz ere bigarren zatian zelairatu da.

Lehoiek zazpigarren postuan jarraitzen dute, 53 puntu dauzkate orain, zortzigarren tokian dagoen Realak baino hiru gehiago.

Fitxa teknikoa:

3 - Athletic: Iago Herrerin, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, Dani Garcia, Beñat, Ibai (Cordoba, 76. min), Raul Garcia (Susaeta, 79. min), Muniain eta Williams (Aduriz, 82. min).

1 - Celta: Ruben Blanco, Hugo Mallo, Costas, Araujo, Olaza, Boudebouz, Okay (Jozabed, 72. min), Lobotka (Fran Beltran, 86. min), Boufal, Aspas, eta Maxi Gomez (Boufal, 63. min).

Golak: 1-0, min. 16: Raul Garcia, penaltiz. 2-0, 17. min: Raul Garcia. 3-0, 39. min: Williams. 3-1, 89. min: Iago Aspas.

Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horiak: Beñat, Muniain eta Capa (Athletic); Boudebouz, Araujo eta Hoedt (Celta).

Realak buelta eman dio Real Madrilen aurkako partidari

Mikel Merinok sartu du markagailua berdindu duen gola. Argazkia: EFE

Realak, bere aldetik, Europan jokatzeko eskubidea ematen duen zazpigarren tokia lortzeko itxaropena du oraindik, igande honetan Real Madrili Anoetan irabazi eta gero, neurketa iraulita (3-1).

Madrildarrek ez dute denbora gehiegi behar izan markagailuan aurretik jartzeko (Brahim, 6. min), baina Imanol Alguacilen mutilek partida berdintzeko ahalmena izan dute handik 20 minutura. Atsedenaldira heldu aurretik, bigarren gola erdiesteko aukera aparta izan dute gipuzkoarrek; aitzitik, Willian Josek ez du asmatu penaltiz. Jokaldi horretan, epaileak txartel gorria atera dio Vallejori, zuzenean, area barruan eskuz baloia nahita ukitzeagatik.

Etxekoek oso ondo jakin dute baliatzen zelai gainean gizon bat gehiago zutela, eta goitik behera nagusitu dira bigarren zati ederra jokatuta. Zalduak eta Barrenetxeak erdietsi dituzte garaipenaren golak: Lehen Mailan lortu duten lehendabizikoa izan da bientzat.

Fitxa teknikoa:

3 - Reala: Rulli, Zaldua (Januzaj, 68. min), Moreno, Llorente, Muñoz, Ruben Pardo (Illarramendi, 77. min), Zubeldia, Merino, Barrenetxea (Juanmi, 85. min), Oyarzabal eta Willian Jose.

1 - Real Madril: Courtois, Carvajal, Nacho, Vallejo, Marcelo, Asensio (Vinicius, 76. min), Casemiro, Kroos, Isco (Modric, 56. min), Brahim Diaz (Lucas Vazquez, 65. min) eta Benzema.

Epailea: Martinez Munuera. Txartel gorri zuzena atera dio Vallejori (Real Madril). Txartel horiak: Zubeldia (Reala); Carvajal eta Casemiro (Real Madril).

Golak: 0-1, 5. min: Brahim. 1-1, 26. min: Merino. 2-1, 57. min: Zaldua. 3-1, 67. min: Barrenetxea.

Alavesek ezin izan du Valentziarekin

Jony, baloi baten lehian. Argazkia: EFE

Alavesek ezin izan du Valentziatik punturik atera, markagailuan aurretik jarri den arren, Ximo Navarrok egindako golari esker.

Baina 29. minutuan Solerrek 1-1ekoa jarri du markagailuan, eta, ondoren, Santi Minak aurreratu egin du Marcelinoren taldea. 3-1ekoa Gameirok gauzatu du.

Emaitza horrekin, arabarrek agur esan diete Europan jokatzeko zituzten aukera apurrei.

Fitxa teknikoa:

3 - Valentzia: Jaume Domenech, Piccini, Garay, Gabriel Paulista, Gaya, Carlos Soler, Wass (Diakhaby, 81. min), Parejo, Guedes, Santi Mina (Ferran Torres, min. 83) eta Rodrigo (Gameiro, 65. min).

1 - Alaves: Pacheco, Vigaray, Laguardia, Ximo Navarro, Duarte, Martin (Borja, 64. min), Pina (Manu, 75. min), Darko, Jony, Rolan (Twumasi, 75. min) eta Calleri.

Golak: 0-1, 12. min: Ximo Navarro. 1-1, 29. min: Carlos Soler. 2-1, 34. min: Santi Mina. 3-1, 67. min: Gameiro.

Epailea: Cuadra Fernandez. Txartel horiak: Garay eta Paulista (Valentzia); Darko, Pina, Borja eta Laguardia (Alaves).

Vila-realen beharrizana Eibarren gogoa baino gehiago izan da

Cote, neurketako une batean. Argazkia: EFE

Eibarrek 1-0 galdu du Vila-realen kontra. Etxeko taldea nagusi izan da lehen zatian, eta markagailuan abantaila hartzeko abagune argiak huts egin ditu. Alabaina, bigarren zatira arte itxaron behar izan dute zale horiek Ekambiren gola ospatzeko.

Haatik, behin aurrea hartuta, Vila-realek atzera egin du, eta armaginak berdinketa erdiesteko zorian izan dira.

Lortu ere lortu dute markagailua orekatzea, Kikek areaz kanpotik egindako jaurtiketa bortitzari esker, baina epaileak baliogabetu egin du VAR bideoarbitraje sistema erabilita, Charles jokoz kanpo zegoela iritzi baitio.

Azkenerako, hiru puntuak Zeramikaren estadioan geratu dira, eta, ondorioz, Vila-real jaisteko arriskutik libre izango da azken jardunaldian. Eibar, berriz, Europarako aukerarik gabe geratu da.

Fitxa teknikoa:

1 – Vila-real: Andres, Mario Gaspar, Alvaro, Funes Mori, Jaume Costa, Iborra, Fornals, Cazorla (Javi Fuego, 88. min), Chukwueze (Bacca, 91. min), Toko Ekambi (Trigueros, 74. min) eta Gerard.

0 - Eibar: Dimitrovic, De Blasis, Paulo (Mari, 70. min), Ramis, Cote, Sergio, Jordan, Pedro Leon (Charles, 59. min), Cucurella, Orellana eta Sergi Enrich (Kike Garcia, 81. min).

Gola: 1-0, 60. min: Ekambi.

Epailea: Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Mario Gaspar, Bacca eta Gerard (Vila-real); Cucurella eta Cote (Eibar).