Reala
Sanchez Pizjuan estadioan
Sevilla-Reala (3-1): Azken jardunaldian erabakiko da guztia
Erredakzioa
Kanouteren bi goli eta Negredoren beste bati esker, Europa Leaguerako txartela lortu du Sevillak. Donostiarrek, aldiz, azken jardunaldira arte itxaron beharko dute mailari eusteko.
Lehen zatiko aurreneko minutuetan joko gutxi eta aukera garbiak izan dira. Sevilla agintzen hasi da, eta 15. minutuan izan du aurreneko aukera argia. Negredoren burukada Bravok urrundu du. Realaren erantzuna berehala iritsi da. Ifranek, baina, ez du asmatu Javi Varasen aurrean.
Handik gutxira, 22. minutuan, beste aukera garbi bat. Bravok bigarrenean harrapatu du Perottiren jaurtiketa. Alfarok beste abagune bat izan du jarraian, baina argiena 41. minutuan iritsi da. Caceresen erdiraketa eta Negredoren burukada langara. Lehen zatian ez da gehiagorako astirik egon.
Atsedenaldiaren ostean, Sevilla berdin irten da; astiro jokatu du eta areara erdiraketak egitea izan du helburu nagusi. Erdiraketa horietako batean, Alfarok berriz ere zutoinera jaurti du baloia, baina han zegoen Frederic Kanoute, eta burukada bikain batekin bat eta hutsekoa egin du. 54. minutua zen. Sei minutu geroago, Maliko aurrelariak bigarrena egin du, Perottiren erdiraketa bat buruz sareetara bidalita.
Realean Xabi Prieto eta Agirretxe zelairatu dira erasoan min gehiago egiteko, eta halaxe izan da. Julian Escude frantziarra ez da gai izan Agirretxe geratzeko, eta gipuzkoarrek aldea murriztu dute markagailuan.
Martin Lasarteren mutilek aurrera egin dute berdinketaren bila, baina azkenean Negredo izan da hiru eta batekoa egin duena. Horrenbestez, Realak azken jardunaldira arte ez du jakingo lehen mailan jarraituko duen ala ez. Sailkapen nagusian puntu bat gutxiago baino ez duen Getafe izango du arerio.
Fitxa teknikoa:
3 - Sevilla FC: Javi Varas; Martin Caceres, Sergio Sanchez, Escude (Dragutinovic, 93. minutuan), Dabo; Alfaro, Medel, Romaric, Perotti (Acosta, 65. minutuan); Kanoute (Renato, 89. minutuan) eta Negredo.
1 - Real Sociedad: Bravo; Dani Estrada, Ansotegi, Labaka, Mikel Gonzalez (Zurutuza, 75. minutuan), De la Bella; Rivas (Xavi Prieto, 60. minutuan), Markel, Elustondo; Griezmann eta Diego Ifran (Agirretxe, 60. minutuan).
Golak : 1-0, 54. minutuan: Kanouté. 2-0, 60. minutuan: Kanouté. 2-1, 73. minutuan: Agirretxe. 3-1, 85. minutuan: Negredo.