Reala
1-3
Realak bigarren garaipena jarraian lortu du, Espanyoli irabazita
Erredakzioa
Talde txuri-urdinak 1-3ko emaitzarekin irabazi du partida. Willian Josek sartu ditu neurketako lehen bi golak, Zalduak bere atean sartu du gola, eta Isakek lortu du Realaren hirugarrena.
-
Realeko jokalariak Willian Josek Espanyoli sartutako bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE
Realak garaipena lortu du Espanyolen aurka (1-3) Santander Ligako 5. jardunaldiko partidan. Talde txuri-urdinak neurketa bikaina jokatu du. Garaipen honi esker, Realak 10 puntu ditu, eta sailkapenaren goialdean da.
Bikain ekin dio Realak neurketari, baloiaren jabe eginez, eta abagune argiak sortzea kosta zaion arren, jaun eta jabe izan da lehen minutuetan. Talde txuri-urdinaren nagusitasunak saria jaso du 18. minutuan Willan Josek sartu duen golarekin (1-0). Kontraeraso bikaina antolatu du Realak, Oyarzabalek pase bikaina eman dio Willian Joseri, eta aurrelari brasildarrak ez du barkatu Diego Lopez atezainaren aurrean. Gola sartu ostean, Realaren nagusitasuna areagotu egin da. Portuk aukera bikaina izan du 29. minutuan, baina jaurtiketa gora joan zaio. Bost minutu beranduago, 34.ean, Willian Josek 2-0ekoa sartu du: Portu bakarrik geratu da Diego Lopez atezainaren aurrean, atezainak gola eragotzi du hasieran, aldaratzea Porturi berari iritsi zaio, pasea eman dio Willlian Joseri, eta honek sare barrura bidali du errematea.
Bigarren zatiaren hasieran Espanyolek erasora jo du. Realak lan egin behar izan du defentsan, eta Moya atezainak ondo gelditu du Granerok 53. minutuan egin duen jaurtiketa. Sei minutu beranduago, Espanyolen kontraerasoko jokaldian, Callerik Moya atezaina gainditu du, baina talde perikitoko aurrelariak jaurtiketa egin aurretik Zubeldia gurutzatu da, baloia aldendu eta etxekoen gola eragotziz. Neurketako 71. minutuan, Espanyolek aldeak murriztu ditu Zalduak bere atean sartutako golari esker (1-2). Hala ere, pozak gutxi iraun dio Espanyoli, 74. minutuan Calerok huts egin baitu zelai erdian pasea ematerakoan, Isakek baloia hartu, aurrera egin, eta maisuki gainditu du Diego Lopez atezaina (1-3), Realaren garaipena ziurtatuz.
Fitxa teknikoa:
1 - Espanyol: Diego Lopez; Victor Sanchez, Lluis Lopez, Calero, Didac Vila (Pedrosa, 57. min); Marc Roca (David Lopez, 80. min), Darder, Granero (Campuzano, 65. min); Vargas, Wu Lei eta Calleri.
3 - Reala: Moya; Zaldua (Le Normand, 80. min), Elustondo, Diego Llorente, Monreal; Zubeldia, Merino (Zurutuza, 84. min), Odegaard; Portu, Oyarzabal eta Willian Jose (Isak, 65. min).
Golak: 0-1, 18. min: Willian Jose. 0-2, 34. min: Willian Jose. 1-2, 72. min: Zaluda (b.a.). 1-3, 74. min: Isak.
Epailea: Cordero Vega. MTxartel horia atera dio Granerori (27. min).