Itxi

Reala

1-2

Reala galtzaile atera da Getaferen aurka, irabazten hasi den arren

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 1-2ko emaitzarekin galdu du Reale Arenan. Merinok egin du lehen gola, Llorente egotzia izan da 53. minutuan, eta Getafek emaitza irauli du Mataren eta Maksimovicen golei esker.

  • Diego Lllorente, Reala - Getafe. Argazkia: EFE

    Diego Llorentek bigarren txartel horia ikusi duen unea. Argazkia: EFE

Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak
Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak (Real Sociedad - Getafe)0:2:31 min.

Realak porrota jaso du Getaferen aurka (1-2) Reale Arenan jokatu duen Ligako zortzigarren jardunaldiko partidan. Talde txuri-urdinak lehen aldiz galdu du etxean denboraldi honetan.

Getafek izan du baloiaren jabetza lehen hiru minutuetan, baina, bosgarren minutuan kontraerasoa antolatu du Realak, Portuk erdiraketa ona egin eta Mikel Merinok sare barrura bidali du errematea, 1-0ekoa sartuz. Gola sartu ostean, talde txuri-urdina jaun eta jabe izan da, eta abaguneak izan ditu bigarren gola sartzeko. Neurketako 20. minutuan, David Soriak Realaren gola eragotzi du, Oyarzabalen jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Ondoren, Willian Josek gora bidali du area kanpotik egin duen jaurtiketa, eta, 29. minutuan epaileak baliorik gabe utzi du Monrealen gola, pasea eman duen Portu jokoz kanpo egon delako. Atsedenaldira iritsi orduko, 34. minutuan, Oyarzabalen jaurtiketa gora joan da gutxigatik. Getafek izan duen abagune bakarra lehen zatiaren azken txanpan iritsi da, eta Moya atezainak ondo gelditu du Fajrren jaurtiketa.

Bigarren zatiari erasokor ekin dio Getafek, eta, lehen minutuan Kenedyren jaurtiketa ondo gelditu du Moyak, Getafeko jokalariaren jokaldi bikain baten ostean. Oker hasi du bigarren zatia Realak, eta gauzak okerrago jarri zaizkio, Diego Llorentek bigarren txartel horia ikusi eta egotzi egin baitu epaileak. Bat gutxiagorekin geratu da Reala, eta Imanol Alguacil entrenatzaileak Zubeldia zelairatu du Willian Joseren ordez. Talde bisitaria ekinean ibili da erasoan, eta saria jaso du 69. minutuan, Matak sartutako golaren bitartez (1-1).

Berdinketaren ostean, partida ireki egin da, eta bat gutxiagorekin egon arren, Realak gertu izan du gola; Portu area barruan sartu da, baina jaurtiketari bikain erantzun dio Soria atezainak. Hurrengo jokaldian etorri da Getaferen erantzuna; Cucurellarak pase ona eman, eta Jaime Mata ez da gutxigatik errematera iritsi. Joan etorrikoak izan dira azken minutuak, bi taldeek garaipenaren bila jo dutelarik, baina kosta egin zaie abagune argiak sortzea. Hala ere,  89. minutuan, Getafek gola sartu du jokaldi nahasi baten bitartez: Cucurellak erdiratu egin du, Matak ukitzea lortu, Angelek baloia borrokatu du Realeko defentsekin, solte geratu da area barruan, eta Maksimovicek sare barrura bidali du jaurtiketa (1-2). Luzapenean, saiatu da talde txuri-urdina berdinketaren bila jotzen, baina Getafek ez dio aukerarik eman.

Fitxa teknikoa:

1.- Reala: Moya; Zaldua, Aritz, Llorente, Monreal; Guevara (Isak, 71. min), Merino, Odegaard; Portu (Barrenetxea, 79. min), Willian Jose (Zubeldia, 57. min) eta Oyarzabal.

2.- Getafe: David Soria; Damian, Djene Cabrera, Nyom (Kenedy, 46. min); Jason (Timor, 80. min), Maksimovic Fajr, Cururella; Molina (Angel, 63. min) eta Mata.

Epailea: Gonzalez Fuertes. Diego Llorente (Reala) egotzi du 53. minutuan, bigarren txartel horia atera ostean. Txartel horiak atera dizkie Mata, Damian, Fajr eta Cabrera Getafeko jokalariei.

Golak: 1-0, 5:. min Merino. 1-1, 68. min: Mata. 1-2, 89. min: Maksimovic.