Itxi

Reala

3-1

Reala galtzaile atera da Real Madrilen aurka

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 3-1eko emaitzarekin galdu du Santiago Bernabeun. Irabazten hasi da Willian Joseren golarekin, baina aurkariak emaitza irauli du, Benzemaren, Valverderen eta Modricen golekin.

  • Real Madril - Reala. Argazkia: EFE

    Benzemak (Real Madril) REalari gola sartzen dion unea. Argazkia: EFE

Realak porrota jaso du Real Madrilen aurka (3-1) Santiago Bernabeun jokatu duen Ligako 14. jardunaldiko partidan. Talde txuri-urdina irabazten hasi da, baina aurkariak emaitza iraultzea lortu du.

Bikain ekin dio neurketari Realak, bigarren minutuan aurretik jarri baita Willian Joseren golarekin (0-1). Sergio Ramosek huts egin du pasea ematerakoan, eta brasildarrak ez du barkatu Courtois atezainaren aurrean. Ondo jokatzen ibili da talde txuri-urdina, eta bigarren gola sartzeko abagunea ere izan du; Willian Josek, ordea, ez du asmatu Courtoisen aurkako buruz burukoan. Pixkanaka, Real Madril erasora jotzeko bideak aurkitzen hasi da, eta arriskua sortu du hegaletatik sartu diren Carvajalen eta Mendyren bitartez. Ekinean ibili da Real Madril, eta neurketa berdintzea lortu du Benzemak 37. minutuan sartu duen golarekin (1-1). Aurrelari frantziarrak bikain errematatu du Modricen erdiraketa.

Lehen zatiaren hasieran Realak gola sartu badu, bigarreneko hirugarren minutuan, Real Madril izan da aurrea hartu duena; Valverdek area kanpotik jaurti eta gola sartu du (2-1) baloiak Oyarzabalengan jo ostean. Gol horrek min egin dio talde txuri-urdinari eta ordutik aurrera jaun eta jabe izan da Real Madril. Rodrygok hirugarrena sartzeko abagune argia izan du, baina Remiro atezainak gelditu du aurrelari brasildarraren errematea. Ondoren, Hazardek ere izan du aukera, baina ez du asmatu. Zidanek zuzentzen duen taldea nagusi izan da, baina Realak bigarren zatian izan duen abagune gutxienetako baten, Willian Jose gola sartzetik gertu egon da, nahiz eta Courtoisek eragotzi duen gelditu on bat eginda. Aukera galdu ostean, Real Madrilek nagusi izaten jarraitu du, eta neurketa erabakita utzi du Modricek 74. minutuan sartu duen golarekin (3-1).

Fitxa teknikoa:

3 - Real Madril: Courtois; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Mendy; Casemiro, Modric (Isco, 83. min), Valverde (Kroos, 76. min); Rodrygo (Bale, 67. min), Hazard eta Benzema.

1 - Reala: Remiro; Zaldua, Diego Llorente, Elustondo, Monreal; Merino, Zubeldia, Odegaard; Portu (Januzaj, 73. min), Oyarzabal (Isak, 80. min) eta Willian Jose.

Golak: 0-1, 2. min: Willian Jose. 1-1, 37. min: Benzema. 2-1, 48. min: Valverde. 3-1, 74. min: Modric.

Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak atera dizkie Ramos (52.- min) Real Madrileko jokalariari, baita Zaldua (84. min) Realeko futbolariari.