Itxi

Reala

3-0

Realak galdu egin du Ligako bigarren itzuliko lehen partida, Betisen aurka

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 3-0 galdu du Benito Villamarinen jokatu duen 20. jardunaldiko partida.

  • Betis-Reala. Argazkia: EFE

    Realeko jokalariak, burumakur Iglesiasen gola jaso ostean. Argazkia: EFE

Realak porrota jaso du Betisen aurka (3-0) Ligako 20. jardunaldiko partidan, eta bigarren itzulia punturik lortu gabe hasi du. Ez du ondo jokatu talde txuri-urdinak, eta aurkaria gehiago izan da.

Bi taldeek baloiaren jabetza bilatu dute lehen minututik, eta abagune bana izan dute hasierako hamabost minutuetan. Lehen abisua Betisek eman du, kontraeraso baten bitartez, baina Joaquinen jaurtiketa kanpora joan da, Zaldua jo ostean. Realaren erantzuna 14. minutuan etorri da; Aihen Muñozek erdiratu du, eta Odegaarden errematea kanpora joan da, norvegiarra behartuta iritsi baita errematea egitera. Lehen ordu laurdenarenaren ostean, Betis izan da nagusi, eta 20. minutuan gola gertu izan duen arren, Emersonen jaurtiketa atepetik atera du Zalduak, brasildarraren jokaldi on baten ostean. Bost minutu geroago, Remiro atezainak eragotzi du Betisen gola, Canalesek area barrutik egin duen jaurtiketa desbideratuta. Korner horretan, Borja Iglesiasek 1-0ekoa egin du, Canalesen erdiraketa sare barrura errematatuta.

Gola jaso ostean, Reala ezinean ibili da. Talde txuri-urdinak ezin izan dio minik egin Betisi, eta ezin izan du Andaluziako taldeak egin dion presio aurreratua gainditu. Partida atsedenaldira etxeko taldearen aldeko gol bateko abantailarekin iritsiko zela ematen zuenean, 44. minutuan, Realak huts egin du defentsan, Emersonek pasea eman du area barrura, eta Joaquinek 2-0ekoa sartu du. Realak gola sartu du 46. minutuan, Porturen bitartez, baina epaileak balio gabe utzi du, jokoz kanpo zegoelako.

Bigarren zatiaren hasieran, Betisek abantaila handitzeko aukera izan du, baina Joaquinen jaurtiketa kanpora joan da oso gutxigatik. Realak kale egin du baloia ateratzean, eta garesti ordaintzeko zorian egon da. Hurrengo jokaldian etorri da Realaren erantzuna, Mikel Merinok zelai erditik langara bidali duen jaurtiketarekin. Joel atezainak baloia ukitu du, eta horri esker ez da sare barrura sartu.

Ondoren, lehiaren erritmoa moteldu egin da, eta bi taldeei asko kostatu zaie abaguneak sortzea. Neurketaren 69. minutuan, Portuk gora bidali du errematea Zalduaren jokaldi on baten ostean. Hamar minutu geroago, Joaquin gol olinpikoa sartzen saiatu da kornerretik, baina Remiro atezainak baloia atepetik atera du. Azken txanpan, nahi eta ezinean ibili da Reala. Gainera, 95. minutuan Betisek garaipena biribildu du, Canalesek 3-0ekoa sartuta.

Fitxa teknikoa:

3 - Betis: Joel Robles; Emerson, Mandi, Edgar, Bartra, Alex Moreno; Canales, Guardado, Aleña (Guido Rodriguez, 68. min), Joaquin (Tello, 82. min); eta Borja Iglesias (Loren, 74. min).

0 - Reala: Remiro; Zaldua (Gorosabel, 80. min), Llorente, Le Normand, Aihen Muñoz; Guevara, Merino, Odegaard; Portu (Willian Jose, 71. min) , Oyarzabal eta Isak (Barrenetxea, 57. min).

Golak: 1-0, 27. min: Borja Iglesias. 2-0, 44. min: Joaquin. 3-0, 95. min: Canales.

Epailea: Adrian Cordero Vega. Txartel horiak atera dizkie Llorente (16. min) Realeko jokalariari eta Guardado (23. min) eta Emerson (91. min) Betiseko futbolariei.