Itxi

Reala

Butarquen

Reala galtzaile luzapenean, Leganesek egindako gol ikusgarriaren ondorioz

Agentziak | Erredakzioa

Oscar Rodriguezek 94. minutuan egin du madrildarren garaipenaren gola, falta bat zuzenean jaurtita. Reala aurretik izan da markagailuan, Isakek 20. minutuan egindako golari esker.

  • Leganeseko Braithwaite eta Aritz Elustondo, partidako jokaldi batean

    Leganeseko Braithwaite eta Aritz Elustondo, partidako jokaldi batean. Argazkia: Efe.

Oscar  Rodriguezek egindako falta jaurtiketa ikusgarriak puntu barik utzi du Reala, Butarquen Santander Ligako 22. jardunaldian jokatutako partidan (2-1).

Realak ez du partida ondo hasi. Bigarren minutuan Javier Aguirreren taldea lehen gola sartzear izan da, Martin Braithwaitek Kevin Rodriguesen erdiraketa errematatu duenean. Alex Remiro bikain aritu da hankarekin baloia urrundu eta kornerrera bidaltzeko. Kornerra atera eta aukera Jonathan Silvak izan du, baina jaurtiketa gora joan zaio.

Etxekoek aurretik jartzeko itxaropenari heldu diote 20. minutura arte, momentu horretan Sorianok huts egin du baloia aldaratzean eta baloia Sangalliri eman dio. Honek pasea Isaki eman dio eta suediarrak gola egin du, donostiarrak aurretik jartzeko.

Leganes bigarren kolpe bat hartzear izan da, baina Melero Lopezek ez du Jonathan Silvak Januzaji egindako penaltia adierazi.

Atsedenaldiaren ostean, Leganes min egiteko gogoarekin atera da zelaira. Arriskua sortu dute eta azkenean ahaleginak saria izan du. Korner bat atera dute eta Omeruok baloia Remiroren atean sartu du, Braithwaitek emandako pasearen ondoren.

Partida bana amaituko zela eman du, baina luzapenean epaileak falta bat adierazi du Leganesen alde eta Oscar Rodriguezek ikusgarri jaurti du. Baloia donostiarren atean sartu da eta hiru puntuak Leganesen geratu dira.

Fitxa teknikoa:

2 - Leganes: Soriano; Rosales, Bustinza, Omeruo, Awaziem, Silva; Eraso (Ruibal, 57. min), Roque Mesa, Recio, Kevin Rodrigues (Carrillo, 70. min); eta Braithwaite (Óscar Rodríguez, 79. min).

1 - Reala: Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal; Sangalli (Odegaard, 57. min), Zubeldia, Guevara, Januzaj; Isak (William José, 70. min) eta Portu (Barrenetxea, 60. min).

Golak: 0-1, 20. min: Isak. 1-1, 49. min: Omeruo. 2-1, 93. min: Óscar Rodríguez.