Itxi

Reala

Errege Kopa

Reala finalerdietan da, Real Madril kanporatu ostean (3-4)

Agentziak | Erredakzioa

Odegaard, Isak (2) eta Mikel Merino izan dira donostiarren golegileak. Real Madrilen golak Marcelok, Viniciusek eta Nachok sartu dituzte.

  • Realeko jokalariak, Odegaarden gola ospatzen

    Realeko jokalariak, Odegaarden gola ospatzen. Argazkia: Efe.

Realak Real Madril kanporatu du ostegun honetan (3-4) Errege Kopako final-laurdenetan. Partida alde jarri zaie donostiarrei hasieratik, Martin Odegaardek 22. Minutuan egindako golarekin.

Lehen zati horretan Imanolen taldea jaun eta jabe izan da eta merezita iritsi da atsedenaldira emaitza horrekin.

Beste gol guztiak bigarren zatian izan dira. Epaileak Isakek 49. minutuan sartutako gola balio gabe utzi du jokalari txuri-urdina jokoaz kanpo egon delako pasea eman diotenean. Baina suediarrak ez du amore eman eta bi gol sartu ditu ondoren, bi minututan, markagailuan Realaren aldeko 0 eta 3koa ezarriz.

Partida ondo bideratuta izan du Realak, baina madrildarrek ez dute etsi eta egindako ahaleginak saria izan du, baina ez haiek nahi izan duten bestekoa. Marcelok aldea murriztu du, zaleen txistuen artean defentsan egindako hutsengatik, 59. minutuan.

Ondoren, Mikel Merinok aldea handitu du, 1 eta 4koa eginez 68.ean.

Madrilek jo eta ke jarraitu du erasoan, eta Rodrygok 2 eta 4koa egin du Viniciusek emandako pase bat ondo aprobetxatuz. Zidanen taldeak partida iraultzeko aukera hurbil ikusi du.

Nachok Real Madril gol bakar batera jarri du luzapenean, baina madrildarrek ez dute gol gehiago egiteko aukerarik izan, Realak azken minutuak 10 jokalarirekin jokatu dituen arren, epaileak Gorosabel bota ostean.

Emaitza horri esker, Reala Errege Kopako finalerdietan sartzen den hirugarren taldea da, Granada eta Mirandesekin batera. Finala Sevillako Cartujan jokatuko da apirilaren 18an.

Fitxa teknikoa

3 - Real Madril: Areola; Nacho, Militao, Sergio Ramos, Marcelo; Valverde (Rodrygo, 76. min), Kroos, James (Modric, 46. min); Vinicius, Brahim (Jovic, 76. min) eta Benzema.

4 - Reala: Remiro; Gorosabel, Aritz Elustondo, Le Normand, Monreal; Zubeldia, Mikel Merino, Odegaard (Guevara, 64. min), Januzaj (Barrenetxea, 46. min); Isak (Aihen, 70. min) eta Oyarzabal.

Golak: 0-1, 22. min: Odegaard. 0-2, 54. min: Isak. 0-3, 56. min: Isak. 1-3, 59. min: Marcelo. 1-4, 68. min: Merino. 2-4, 80. min: Rodrygo. 3-4, 93. min: Nacho.