Reala
3-0
Realak erakustaldia eman du Valentziaren aurka
Erredakzioa
Talde txuri-urdinak 3-0eko emaitzarekin lortu du garaipena Reale Arenan, eta Europarako postuetarako lehian erabat murgilduta jarraitzen du. Merino, Monreal eta Januzaj izan dira golegileak.
-
Realeko jokalariak Merinok sartutako gola ospatzen. Argazkia: EiTB
Realak 3-0eko emaitzarekin irabazi dio Valentziari, Reale Arenan jokatu duen Ligako 25. jardunaldiko partida. Ondorioz, talde txuri-urdinak 40 puntu ditu, eta Europarako postuetan sartzeko lehian erabat murgilduta jarraitzen du, nahiz eta aurkariek baino partida bat gutxiago duen, Eibarren aurkako derbia atzeratu izanaren eraginez.
Neurketako lehen abisua Valentziak eman du bigarren minutuan, Gameirok Remiro atezainaren aurrean huts egin duen jaurtiketarekin, nahiz eta epaileak jokoz kanpokoa adierazi duen errematea huts eginda. Pixkanaka, Realak baloiaren jabe egitea lortu du, eta izan duen lehen abagunean gola sartu du; 12. minutuan, Zalduak erdiratu, eta Mikel Merinok 1-0ekoa sartu du, buruz errematatuta.
Lehen gola sartu ostean, jaun eta jabe izan da talde txuri-urdina eta abantaila handitzeko abaguneak izan ditu: Odegaarden jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da 15. minutuan, minutu bat beranduago Jaume atezainak erantzun bikaina eman dio Isaken jaurtiketari, eta, 28. minutuan, suediarraren errematea kanpora joan da. Valentziak abagune argia izan du 40. minutuan, baina Ferranen erremateak ez du aterik aurkitu. Partida atsedenaldira iristear zenean, lehen zatiaren luzapenean, Monrealek 2-0ekoa sartu du Odegaardek ateratako eta Aritz Elustondok ukitutako kornerraren ostean.
Bigarren zatiaren hasieran, 48. minutuan, Realak partida erabakita utzi du Januzajek sartu duen gol ikusgarriarekin (3-0); belgikarrak area kanpotik jaurti, eta sare barrura bidali du baloia.
Valentziaren erantzuna Wassen erremate baten bitartez heldu da, baina talde txuri-urdinak nagusi izaten eta abaguneak sortzen jarraitu du. Jaume atezainak Odegaarden gola eragotzi du 59. minutuan, baita Merinorena ere, buruz burukoan gailenduta. Norgehiagokako azken ordu erdian, Valentzia saiatu da desabantaila murrizten baloi luzeen eta areara egindako erdiraketen bitartez, baina Reala sendo mantendu da defentsako lanean, ez dio aurkariari aukerarik eman, eta hiru puntuak erdietsi ditu.
Fitxa teknikoa:
3.- Reala: Remiro; Zaldua, Aritz Elustondo, Le Normand, Monreal; Zubeldia, Merino, Odegaard; Januzaj (Willian Jose, 71. min), Alex Isak (Sangalli, 83. min), Oyarzabal (Aihen, 88. min).
0.- Valentzia CF: Domenech; Wass, Diakhavy, Mangala (Guillamon, 46. min), Costa; Carlos Soler (Kang In, 64. min) Parejo, Kondogbia, Cheryshev, Ferran (Sobrino, 79. min) eta Gameiro.
Epailea: Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak atera dizkie Merino (38. min) Realeko jokalariari, eta Costa (87. min) Valentziako futbolariari.
Golak: 1-0, 11. min: Merino. 2-0, 45. min: Monreal. 3-0, 47. min: Januzaj.