Itxi

Reala

1-2

Reala sailkapeneko zazpigarren posturaino jaitsi da Real Madrilen aurka galdu ostean

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 1-2ko emaitzarekin galdu du Reale Arenan. Sergio Ramosek eta Benzemak sartu dituzte Madrilgo taldearen golak, eta Merinok Realarena.

  • Januzaj, Marcelo, Benzema eta Varane

    Real Madrileko jokalariak Benzemaren gola ospatzen, Januzajen alboan. Argazkia: EFE

Realak 1-2ko emaitzarekin galdu du Real Madrilen aurka Reale Arenan jokatu duen Ligako 30. jardunaldiko partida. Koronabirusaren pandemiak eragindako geldialdiaren ostean Liga berriz hasi denetik, talde txuri-urdinak berdinketa bat eta bi porrot erdietsi ditu hiru jardunalditan. Txapeldunen Ligako postuak gero eta urrunago ditu talde donostiarrak, jardunaldi honetan zazpigarren posturaino jaitsi baita, 47 puntu dituelarik.

Lehen zatia parekatua izan da, eta oso abagune gutxikoa. Jokalarien hidratazioa bermatzeko 30. minutuan egiten den geldialdiaren ostean, Real Madril izan da nagusi, eta abaguneren bat sortu du. Benzemak egin duen jaurtiketari ondo erantzun dio Alex Remiro atezainak. Reala Portu eta Isaken bidez saiatu da arriskua sortzen, baina aurkaria estutasun handietan sartu gabe. Atsedenaldira iritsi orduko, Viniciusek izan du gola sartzeko aukera, baina Remirok berriz eragotzi du Real Madrilen gola.

Bigarren zatiari hobeto ekin dio Zidanek zuzentzen duen taldeak, eta epaileak Llorentek Viniciusi egin dion penaltia adierazi du, 48. minutuan. Sergio Ramosek 0-1ekoa egin du, penaltiz.

Gola jaso ostean, Realak berdinketaren bila jo du, eta Januzajek gola sartu du 68. minutuan, baina epaileak baliogabetu egin du, bideo-arbitraje laguntzailearekin kontsultatu ostean, Merino jokoz kanpo zegoelako eta Courtois atezainari traba egin diolako. Ondoren, 70. minutuan, Benzemak 0-2koa sartu du, area barruan kontrol bikaina egin ondoren Remiro gaindituta.

Oso maldan gora jarri zaio partida Realari, baina Mikel Merinok aldea murriztu du (1-2) 83. minutuan. Azken minutuetan, Reala berdinketa lortzen saiatu da, baina ez da abagunerik sortzeko gai izan, eta Real Madrilek lortu ditu hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

1,. Reala: Remiro; Gorosabel (Aritz, 59. min), Diego Llorente, Le Normand, Monreal; Zubeldia (Zubimendi, 79. min), Merino, Odegaard (Roberto Lopez, 79. min); Portu, Oyarzabal (Januzaj, 59. min), Isak (Willian Jose, 79. min).

2.- Real Madril: Courtois; Carvajal, Varane, Sergio Ramos (Militao, 59. min), Marcelo (Mendy, 88. min); Valverde (Modric, 88. min), Casemiro, Kroos; James (Mariano, 78. min), Benzema (Asensio, 78. min), Vinicius.

Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horia atera die Diego Llorente, Zubeldia, Gorosabel, Merino, Casemiro eta Modric jokalariei.

Golak: 0-1, 49. min: Sergio Ramos, penaltiz. 0-2, 70. min: Benzema. 1-2, 82. min: Merino.