Itxi

Reala

URRIAREN 29AN

Napoliren aurka 1.000 ikusle hartu nahi ditu Realak Reale Arenan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Hala iragarri du Jokin Aperribay talde txuri-urdineko presidenteak prentsaurrekoan, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzarekin hitz egiten ari dira.

  • Reale Arena

    Reale Arena. Foto de archivo

Realak Reale Arena ireki nahi du, urriaren 29an Napoliren aurka jokatuko duen Europa Ligako partidara 1.000 ikusle bertara daitezen, hau da, Eusko Jaurlaritzak baimentzen duen maximoa.

Jokin Aperribay Realeko presidenteak prentsaurrekoan iragarri duenez, talde txuri-urdina Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan dago, pandemia hasi zenetik jendea lehen aldiz Reale Arenara sartzeko baldintzak adosteko.

"Reale Arenan Napoliren aurka jokatuko den Europa Ligako lehen partidara 1.000 pertsona sartzeko plan bat lantzen ari gara. Agintariek diotena beteko dugu eta zozketa bat egingo dugu ikusleak zehazteko", azaldu du Aperribayk.

Azpimarratu duenez, "estadioko protokoloak ekainetik prest daude eta etengabe berrikusten ari dira". "Urriaren 20an aterako ditugu zaleentzako zozketaren baldintzak. Partidara bertaratzeko sarrera pertsonala eta besterenezina izango da. Albiste oso handia da, oso pozik gaude ", zehaztu du.

Aperribayren aburuz, "etorkizunean normalena zaleak estadiora pixkanaka itzultzea izango da". "Beraz, pazientzia izan behar dugu, prozesuak oso ondo begiratu behar ditugu eta ez dugu huts egin behar. Etorkizunean kopurua gehitzen joatea nahiko nuke; horrek pandemia oso ondo doala esan nahiko du", esan du.

UEFAk, LaLigak ez bezala, aukera ematen du estadioetara jende kopuru txiki bat sar dadin, betiere herrialde edo autonomia-erkidego bakoitzean indarrean dauden arauekin bat etorriz. Euskadiren kasuan, gaur egun indarrean dagoen aginduaren arabera, gehienez 1.000 pertsona sar daitezke aire zabaleko kirol-ikuskizunetan.